«Orain triste sentitzen naiz argazkiak egiten, eta tentsioa nabarmena da jendearen artean»
2008an hasi zen Gorka Bravo argazkilari lanetan; hain zuzen, arte eszenikoen munduan. Bartzelonako jaialdi batean argazkiak egin zituen, eta ordutik antzerkian, eta batez ere, dantza arloan aritu da. Prentsa argazkilaritzan ere ibilitakoa da, baita Donostiako Zinemaldian argazkiak egiten ere. Gainera, etxe eta apartamentuak erretratatzen aritzen da noizbehinka.
Nola definituko zenuke zure argazkilaritza jarduna?
Dantza argazkilaritzan asko nabarmendu naiz, Espainian ezaguna naiz eta nazioartean ere nire izena leku askotan ikusten da; Alemanian, Txekiar Errepublikan, Frantzian, Ingalaterran eta Reunion uhartean lan egin dut. 100 nazionalitate baino gehiagoko artistei egin dizkiet argazkiak, eta 40 dantza eta arte eszeniko jaialdi baino gehiago egin ditut. dFeria jaialdia da gehien errepikatu dudana: hamaika aldiz egin dut lan horretan.
Nolakoa izan da COVID-19aren eragina zure lanean?
Sekulakoa. dFeria bukatu bezain laster hasi zen konfinamendua. Bi alaba txiki ditut, 2 eta 4 urtekoak, eta oso zaila da nire lanbidearekin normaltasunez jarraitzea. Nire alaben amak lanera joaten jarraitzen du goizetan, eta arratsaldera arte bi alabekin nabil etxean. dFeria bukatu ostean beti egin izan ditut apartamentuen argazki mordoa, eta hori gabe geratu nahiz, jakina. Bestalde, osasun larrialdiaren eraginez, dantza eta antzerki konpainien panorama oso txarra da, eta, ondorioz, nirea ere bai.
Egun hauetan kalera lan egitera ateratzeko aukera izan duzu?
Irutxuloko Hitza-ri esker, bai. Kaleetako errealitatearen argazkiak egitera atera naiz bizpahiru alditan. Gehiagotan ateratzeko aukera izan dut, baina zaila da. Orain triste sentitzen naiz argazkiak egiten, eta tentsioa nabarmena da jendearen artean.
Atera zarenean erretratatu dituzun egoera eta paisaia berri horiek, nola sumatu dituzu?
Esan bezala, tristura nabaritzen da. Argazkilariak oso enpatikoak gara, irudiak jaso ez ezik, dagoen energia ere jasotzen dugu. Egoera honetan ez dago inor pozik, eta jende asko haserre dago.
Konfinamendua hasi zenetik gaur arte, zerk eman dizu atentzioa gehien?
Donostiako betiko paisaiak jenderik gabe ikusteak, sentsazio arraroa eragiten dit argazkiak egiterakoan. Betiko argazki bat aterako banu bezala sentitzen naiz, argazki polit bat ateratzen dudanean bezala; txinparta moduko bat nabaritzen dut. Gero, etxera iritsi eta argazkia ikusterakoan, nabaritzen dut ez dela betiko argazki bat. Soinuak ere, aldatu egin dira, asko entzuten dira: semaforoen soinuak, jendea urrunean…
Aukerarik zabaldu dizu egoera honek sorkuntza aldetik?
Ez gehiegirik, egia esan. Niretzat, ikuspegi profesionaletik, tamalgarria da egoera.
Konfinamendua hasi zenetik gaur arte, bereziki nabarmenduko zenukeen argazkiren bat egin duzu?
Ez bereziki, egun hauetan egin ditudan guztiak ikusten ditut ildo beretik: jende gutxirekin, itxitako parkeak agertzen dira, supermerkatuko ilarak, balkoiak, eta abar.
Zergatik aukeratu dituzu argazki horiek elkarrizketa honetarako?
Sekula ikusi ez den zerbait islatzen dutelako: larunbat arratsaldea, eguzkia, eguraldi atsegina eta inor ez Kontxa pasealekuan paseatzen, ezta Parte Zaharreko ohiko giroa ere.
Zer da konfinamendua amaitzean egingo duzun lehen gauza?
Hondartzara joango naiz, eta itsasoan bainu bat hartuko dut, nire emaztearekin eta alabekin.