Ikusgaitasun lesbikoa aldarrikatu dute bideo baten bitartez
Ikusgaitasun Lesbikoaren Eguna izan zen atzo, apirilaren 26a, eta egunaren harira, bideo bat egin du Donostiako Asanblada Feministak. Bideoan Goizane Aizpurua Ibañezen Laztanak poema irakurri dute hainbat pertsonak, zatika. Zati guztiak elkartuta osatu dute lana, ikusgaitasun lesbikoa aldarrikatzeko asmoz. Aizpuruaren poema XIX. Pasaia Hiria-Xabier Portugal poesia lehiaketaren irabazlea izan zen, 2018. urtean, eta Afasia Airlines argitalpenean dago jasoa.
Laztanak
Urazpian
marradun arrainak laztantzen ditut.
Inguruko likidoa gardena baina lodia da,
likatsua,
umela,
gordina,
amniotikoa.
Zaila egiten zait igeri egitea,
besaldi bakoitzean galtzarbea horditzen zait
isurkari nazkagarriz.
Aluko ileak elkarren artean itsatsirik daude
lirdingatsu, narras, trakets, eragabe.
Orkatiletatik tira eginez esku lodiak
zurdak estutzen dizkidate
bikietan gora,
izter atzeko giharretatik
ipurmasailean hozka eginez.
Kateaturik, zorrotz, fin eta hotz,
Eztanda zuri,
more
eta odol gorriz.
Donostiako Feministek bolleren “desio eta identitateen ikusgaitasuna” aldarrikatu dute, eta baieztatu dute konfinamendu garaian “inoiz baino gertuago” sentitzen dituztela euren kideak. “Eremu guztietan askatasun osoa lortu arte borrokan jarraituko dugu harrotasunetik eta kolektibotasunetik!”, gaineratu dute.