Jazza eta dantza izango ditu hizpide aste honetan Donostia Kulturaren programazioak
Koronabirusa dela eta, Donostia Kulturaren programazioko jarduera guztiak bertan behera utzi dituzte, baina, bitartean, egitarau zabala dute astero, Internet bidez herritarrei eskaintzeko.
Donostia Kulturak aste honetako DK Etxean egitaraua aurkeztu du, eta Dantzaren Nazioarteko Egunaren (apirilaren 29a) eta Jazzaren Nazioarteko Egunaren (apirilaren 30a) ingurukoak izango dira Internet bidezko emanaldi nagusiak. Donostia Kulturaren sare sozialetan eta Youtubeko kanalean egongo dira ikusgai emanaldi guztiak.
Dantzari dagokionez, asteazkenean, hilaren 29an, Verdini dantza taldeak pieza berri bat estreinatuko du, 19:00etan. Bestalde, Paul San Martin piano jotzaileak Jazzaren Nazioarteko Egunerako espreski prestatutako errepertorioa joko du ostegunean, hilaren 30ean, 19:00etan, Antzokia Etxean programaren baitan. Ondoren, Amaia Lauzirika, Maren eta Sara Zozaya musikariak arituko dira.
Zinema ere egongo da, egunotan egin behar baitzuten berez Giza Eskubideen Zinemaldia, eta zazpi film labur proiektatuko dituzte hilaren 27tik maiatzaren 3ra jaialdiaren Youtubeko kanalean, (H)emen ikus-entzunezkoetako emakumeen elkartearekin batera. Era berean, film zuzendarien eta ekoizleen arteko solasaldi bat egingo dute hilaren 30ean, 18:30ean, (H)emen elkartearen Facebookean. Amaia San Sebastian, Maria Aizpuru, Emily Lobsenz, Ainhoa Urgoitia, Nagore Eceiza eta Esti Urresola sortzaileak egongo dira solasaldian, eta Tessa Andonegi aktorea izango da moderatzailea.
DK Etxean Koadernoa programari dagokionez, Euskal Herriko hainbat ilustratzaileren obrak erakutsiko dituzte: Marcos Navarro, Aitziber Alonso, Diego Bosne, Sandra Garayoa eta Iker Ayestaran ilustratzaileenak, hain justu. Horretaz gain, Mañana tendremos otros nombres bere liburuaren inguruan arituko da Patricio Pron idazlea, hilaren 28an.
Haurrentzako ipuinaren ordua ere egongo da aste honetan, egunero, 16:00etan, eta honakoak izango dira kontalariak eta kontatuko dituzten ipuinak: Lur Korta (Maori Txiki), Iraitz Lizarraga (Ez da nire errua), Lur Usabiaga (Tonino), Saioa Aizpurua (Pideel eta miau), Lur Korta (Kaka putza), Saioa Aizpurua eta Bego Gonzalez (Osaba Otso) eta Lur Usabiaga (Lionel). Gainera, hilaren 30ean ipuin kontaketa berezi bat egingo dute, kontalari horietako hainbaten ahotsekin.
Ikasteko tartea ere eskainiko du Donostia Kulturak, Larrotxene Kultur Etxeko Larrotxene Bideok Adobe After Effects programari buruzko ikastaroak eskainiko baititu hilaren 28an eta 30ean. Hilaren 29an, ordea, Transmediazinek ARGri buruzko bideo magazina egingo du, eta ostiralean, 1.33.10 film laburra proiektatuko dute Twitch plataformako zuzenekoan (19:30ean) eta Juanmi Cuesta idazlearekin solasaldia egingo dute.
San Telmo Museoari dagokionez, bi erakusketa izango ditu aste honetako San Telmo Kuttunak programak: Otsagabiako dantza taldeari eskainitakoa bata eta joan den astean zendu zen Jose Luis Zumeta margolariari eskainitakoa bestea. Bestalde, Ispilu Beltza kultur irratsaioa egunero entzun ahal izango da 8:00etatik 10:00etara, 107.4 frekuentzian.