Juanma Oronoz Goizaldiko dantzari eta zuzendari ohia zendu da
Juanma Oronoz (1932, Donostia) Goizaldi Dantza Taldeko dantzari eta zuzendari ohia larunbatean hil zen, 88 urte zituela. Bizitza osoa egin zuen dantza taldeari lotuta, dantzari, zuzendari-artistiko, irakasle eta lehendakari gisa aritu baitzen taldean. Egun, ohorezko lehendakaria zen.
Oronoz 14 urterekin hasi zen dantzan, aitaren pausoak jarraituta. 1948ko apirilaren 25ean Goizaldik eskainitako lehen emanaldian parte hartu zuen. Dantza taldeko garai bateko dantzari dohaitsuenetako bat izan zen, Jaime Albillos, Cirilo Garmendia eta Iñaki Gordejuelarekin batera. Donostiako tradiziozko dantzak hamaika aldiz dantzatu zituen. Besteak beste, San Joan bezperan Konstituzio plazan egiten den soka-dantzan 30 urtez izan zen aurreskulari.
Dantzari izatetik zuzendari-artistiko izatera pasa zen, eta ondoren lehendakari eta ohorezko lehendakari. Dena den, 1998an Goizaldiren 50. urteurrena zela eta egindako elkarrizketa batean aitortzen zuen dantzari eta zuzendari artistiko rolak zirela bere gogokoena. “Berriz jaioko banintz, dantzari izango nintzateke”, zioen.
Omenaldi moduan, hainbat dantzarik Agurra dantzatu dute, norberak bere etxetik. Era berean, txistu eta danbolinarekin Agur Jaunak ere eskaini diote. Emaitza, bideo batean jaso dute.