Kote Cabezudo argazkilariaren behin-behineko espetxealdia beste bi urtez luzatu dute
Gipuzkoako Auzitegiak beste bi urtez luzatu du Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren espetxealdia, Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren eskakizunak betez. Hainbat emakumeri gehiegikeriak egin izana eta sexu askatasunaren aurkako beste hainbat delitu egotzita dago auziperatua Cabezudo, eta 2018ko maiatzaren 4an sartu zuten kartzelan. Behin-behineko espetxealdiak, gehienez, lau urte iraun ditzake.
Behin-behineko espetxealdian ia bi urte daramatza argazkilariak, beraz, haren egoera aztertu zuten apirilaren 22an egin zuten saioan, eta behin-behineko zigorra beste bi urtez mantentzeko erabakia hartu dute. Izan ere, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak Cabezudoren aurkako froga asko daudela eta ihes egiteko arriskua dagoela argudiatu dute luzapen hori eskatzeko, baita libre geldituz gero biktimen aurka jo dezakeela ere, iraganean egin izan duen moduan –biktima bat biluzik ageri zen argazki bat zabaldu zuen sare sozialetan, hura beldurtzeko asmoz–. Defentsak argudio horien aurka egin du, eta 72 urte dituela, adin txikiko alaba bat duela eta Donostian erroldatuta dagoela argudiatu du haren askatasuna eskatzeko, baina auzitegiak baztertu egin ditu argudio horiek.
2013an abiatu zen Cabezudoren aurkako auzia, donostiarrari 47 delitu leporatuz, horietako hainbat harekin lan egiten zuten modeloen sexu askatasuna urratzeagatik. Guztira, 21 emakumek salatu dute Cabezudo.