Aldi baterako bidegorriak ezartzeko eskatu du EH Bilduk
Oinez eta bizikletaz “joan-etorri aktiboak” sustatzeko eskaera luzatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari ohar baten bitartez. Horretarako, hiriko hainbat zonaldetan aldi baterako bidegorriak ezartzeko proposamena egin du, hala nola “Miracruz-Ategorrieta-Jose Elosegi etorbideetan, Ibaeta-Igara industrialdean edo Bizkaia Pasealekua-27 Industrialdea tartean”.
Alderdiak oharrean jaso duenez, “alarma egoera honetan bizikleta mugitzeko modu segurua dela argi geratu da, kutsatzeko arriskurik ez duelako eta distantzia soziala errazten duen garraiobidea delako”. Adibide bezala, beste hainbat hirik —Berlin, Paris, Bordele, Milan— bizikletaz mugitzea sustatzeko erabakiak aipatzen ditu, baita OMEk eta Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroak bizikleta erabiltzea gomendatu dutela ere.
Aldiz, Donostian bizikletaren erabilera zabalduta egonda ere, EH Bilduk adierazi du “bai alarma egoeran, bai deseskalatze-prozesua definitzerakoan, mugikortasun iraunkorraren gaia ez dela sartu Gobernuaren lehentasunen artean” eta, beraz, ez dutela “bizikletaren aldeko apustu argirik egin”. Hori dela eta, hainbat galdera egin eta neurriak ezartzea eskatu diote gobernuari.
Neurriak ezartzeko jarraibide bezala, Red de Ciudades por la Bicicleta sareak —non Donostiako Udala parte den—argitaratu berri duen hamabi irizpideko txoke-plana aipatu du. Plan horretan jasotako hainbat neurri “lehendik ezartzeko asmoa aipatu den arren, ez dira oraindik gauzatu eta orain horiek ezar daitezkeela iruditzen zaigu, horretarako momentua edo aukera baitugu orain”.
EH Bilduk egindako aldarrikapena bat dator Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak duela aste batzuk egindako eskakizunarekin.