Bertan behera utzi dituzte Donostia Kulturaren ekaineko emanaldiak
Koronabirusaren krisia dela eta, Donostia Kulturak ekainean programatuta zituen Viktoria Eugenia antzokiko emanaldiak bertan behera uzteko erabakia hartu du. Hain zuzen, hauek dira bertan behera gelditu diren ikuskizunak: Josu Okiñena musikaria (Victoria Eugenia antzokia, ekainak 13), Jean Phillype Sylvestre musikaria (Victoria Eugenia kluba, ekainak 20), Amoria & Dolore, Elkano, Lehen mundubira dantza emanaldia (Victoria Eugenia antzokia, ekainak 22), Ensemble Siciliano taldea (Victoria Eugenia antzokia, ekainak 28) eta Juan Carlos Fernandez-Nietoren kontzertua (Victoria Eugenia antzokia, ekainak 30).
Aurretik bertan behera utzitako gainontzeko emanaldiekin egin zuten moduan, sarrerak Internet bidez erosi zituzten herritarrek automatikoki jasoko dute dirua euren kontu korronteetan apirilaren 29tik aurrera. Leihatilan erosi zituztenek, aldiz, leihatilan bertan eskatu beharko dute euren dirua, antzokia berriz irekitzen dutenean. Itzulketen inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, dksarrerak@donostiakultura.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.
Mojo Workin jaialdia
Alarma egoera ezarri zuten asteburuan utzi zuten bertan behera Mojo Workin jaialdia, eta oso egoera larrian utzi ditu krisiak jaialdia eta Gure Gauza Kultur Elkarte antolatzailea. Horregatik, euren sarreren eta abonamenduen dirua itzultzeari uko egiten dioten pertsonek kode bat jasoko dute, martxoaren 13an aurtengo jaialdian jo behar zuten artistekin grabatu zuten kontzertu azkarra Vimeo plataforman ikusi ahal izateko. Sarrerei uko egin eta kodea jasotzeko, jaialdiaren webguneko inprimakia bete behar da. Webgunean bertan, sarreren dirua eskatu daiteke, beste inprimaki bat betez. Era berean, jaialdia diruz lagundu nahi izanez gero, Go Fund Me plataforman donazioak egin daitezke.