Bukatu da denboraldia Ibaeta Basketentzat
Espainiako Lehen Mailako saskibaloi liga amaitutzat ematea erabaki zuten atzo Espainiako Saskibaloi Federazioak eta ligako hamalau klubek modu telematikoan egindako bilera baten bitartez. Beraz, Ibaeta Basketek ez ditu liga amaitzeko falta ziren lau partidak jokatuko, eta hamaikagarren postuan bukatuko du 2019-2020 denboraldia, alegia, atzetik hasita laugarren.
Carmen Muguruza klubeko lehendakariak Mundo Deportivori adierazi zionez, liga aurretik amaitzeak ez du eragin ekonomiko handirik izango klubean eta, joatea erabaki zuten bi jokalari amerikarren kontratuak izan ezik, gainontzekoak osorik ordaindu dituzte.
Ligari dagokionez, norgehiagoka erabakitzeko gainontzeko prozedurak aste amaieran zehaztuko direla jakinarazi zuten federazio eta klubek, baina dagoeneko erabaki da mailaz jaitsiko den talderik ez dela egongo. Aldiz, bigarren mailatik lehenengo mailara igoko diren bi talde egongo direla aurreratu dute. Beraz, 2020/2021 denboraldian hamasei talde egongo dira Espainiako Lehen Mailako saskibaloi ligan.