Donostiako terrazen tamaina ez handitzeko eskatu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak
Konfinamendua arintzeko bidean, Donostiako ostalaritza establezimenduen terrazen araudia ez malgutzeko eskatu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak. Izan ere, pandemiak ostalaritzan izan dezakeen eragina murrizteko, araudiak malgutzeko aukera aztertzen ari da Donostiako Udala eta neurri hori bizilagunen kalterako izan daitekeela deritzote Parte Zaharrekoek.
Auzo elkartearen arabera, terrazen araudia malgutzeko eskatzen dutenak konfinamendua arintzeko neurriek establezimenduetako edukiera murriztuko dutela hartzen dute oinarri gisa. Parte Zaharrean Bizik, ordea, nabarmendu du udalaren “erantzukizuna” dela herritarren osasuna bermatzea. Horretarako, terrazen okupazio neurriak moldatu behar direla deritzote, baina ez euren espazioa handitzeko, murrizteko baizik.
Bizilagunen ustez, ostalaritza establezimenduek espazio publikoan hartzen duten espazioa gehiegizkoa da, eta horrek auzoko jarduerak oztopatzen ditu, hala nola, alde batetik bestera mugitzea, pertsonen arteko harremanak sortzea eta auzo izaera sortzea.