Egoera berrira egokitutako eskaintza kulturala izango du Donostiak
Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Udako Ikastaroak, edo Zinemaldia COVID-19aren harira ezarritako segurtasun baldintzetara moldatuta egingo dira, horretarako prestatutako hainbat agertoki alternatibotan, eta krisialdiak bereziki kolpatutako hiriko kultur sarea zaintzen saiatuko dira.
Erabakia gaur goizean jakinarazi du Eneko Goia Alkateak hiriko hainbat kultur eragilerekin egindako bileraren ostean. Bilera horretan, COVID-19aren krisialdiak Donostiako kultur arloan izandako eraginak ere aztertu dituzte, alegia, kultur programazioetan eta tokiko sortzaile eta artistengan izandako ondorioak. Izan ere, Alkateak esan duenez, “eragile ekonomiko garrantzitsua da, kulturan inbertitutako euro bakoitzak 2,5 euro mugitzen baititu hirugarren sektorean”.
Aipatutako jaialdiez gain, San Telmo Museoak udan egin behar zuen Elkanoren erakusketa 2021ean egingo da.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta, ekainaren 1a izango da hiriko hainbat kultur espazio irekitzeko abiapuntua, hala nola liburutegiak edo hiriko museoak.