Jazzaldi txikiago bat egingo dute aurten
Koronabirusa dela eta, Donostiako 55. Jazzaldirako orain arte iragarritako egitaraua bertan behera utzi dutela iragarri du jaialdiak, ez dagoelako milaka pertsona doako edo ordaipeko ekitaldietan biltzeko aukerarik. Gainera, nabarmendu dute datozen hilabeteetan ezinezkoa izango dela AEBetako eta Asiako artisten etorrera bermatzea.
Horregatik, Osasun Sailak ahabidetzen duen bitartean, aurten Jazzaldi txikiago bat egingo dutela iragarri dute, iragarrita zeuden egunetan, uztailaren 22tik 26ra, hain zuzen. Kontzertu kopurua eta ikusle kopurua murriztuko dituztela azaldu du antolakuntzak, baina, hala ere, jaialdiko gune nagusia Trinitate plaza izango dela. Tokiko zaleentzako jaialdi bat izango dela nabarmendu dute, eta tokiko musikari eta taldeak izango direla nagusi. Egitarau berria ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran iragarriko dute.
Dagoeneko sarrerak erosita zituztenek, automatikoki jasoko dute dirua euren kontu korronteetan, Internet bidez erosi bazituzten. Leihatilan erosi zituztenek, aldiz, Viktoria Eugenia antzokiko leihatilak ireki arte itxaro beharko dute, han bertan dirua eskatzeko.