Solbes supermerkatuko langile bat kaleratu dutela salatu du ELAk, koronabirusarengatik baja hartu ondoren
ELA sindikatuak salatu duenez, Donostiako Aldamar kaleko Solbes supermerkatuak langile bat kaleratu du COVID-19arengatik baja hartu ondoren. Horretaz gain, Hondarribiko Solbesko beste langile bat ere kaleratu dute, Donostiakoaren egoera berean. Sindikatuak azaldu duenez, positibo eman eta ordu gutxira kaleratu dute Donostiako dendako langilea, eta Hondarribikoak azkenean ez du positibo eman, baina medikuak baja hartzeko agindu ondoren bota zuten.
ELAren aburuz, “onartezina” da osasun krisia langileak kaleratzeko baliatzea, eta nabarmendu dute egoera honetan langileak kontratatu eta euren osasuna bermatu behar dutela funtsezko zerbitzuetako enpresek: “Onartezina iruditzen zaigu lanera joan, kutsatu, eta puskatu den jostailu bat bezala tratatzea langileak, beraien osasuna kaltetuz eta inongo eskrupulurik gabe. Gaur egun, supermerkatuetako langileek birusaren aurrean duten esposizioa ikaragarria da, eta ezin da onartu langileek, gaixotuz gero, euren etorkizunaren inguruko zalantzak izatea”.