Eli Sarasola atezain donostiarrak futbola utziko du
Eli Sarasola atezainak futbola uztearen erabakia iragarri du. Hamahiru denboraldietan zehar mundu osoko goi mailako hainbat taldetan aritu da jokalaria: Realean, Bartzelonan, Charleston Cougarsen edota Ajaxen, besteak beste. Aste honetan Ainhoa Tirapu atezain zurigorriak ere futbola utziko duela aditzera eman du.
29 urterekin eta momentu gozoan amaitu du ibilbidea Sarasolak, PSV Eindhoven taldean eta Eradivise ligako lehen postuan. Hurrengo denboraldian Championsa jokatzeko aukera lortu zuen taldeak, Holandako ligak koronabirusagatik denboraldia amaitutzat eman zuelako.
Ibilbidea Amara Berri eskolan hasi zuen, ondoren Añorgara joateko. Euskal selekzioarekin 13 urtez azpikoen Espainiako txapelketan bigarren saria lortu zuen, eta 2005-2006 denboraldian Euskal selekzioaren 18 urtez azpikoen taldean hautatua izan zen, 14 urterekin.
2006. urtean Realak fitxatu zuen, nahiz eta Añorgan jarraitu zuen. Urte berean Espainiako selekzioan 17 eta 19 urte azpikoen taldean aritu zen, baita Gipuzkoako selekzioan ere. Hurrengo denboraldian, Realarekin debutatu zuen, eta Espainiako selekzioaren 19 urte azpikoen taldearekin Europako txapelketaren finalera iritsi zen.
2009an, FC Barcelonan hasi zen, eta hiru urteko ibilbidean taldearekin hainbat sari irabazi zituen: Erreginaren kopa, Kataluniako kopa, eta Emakumezkoen Superliga, besteak beste. 2012. urtean AEBetara bidaiatu zuen. Ikasketak futbolarekin tartekatu zituen, College of Charleston taldean arituz. 2013an lesio batek jokatzea galarazi zion, baina hurrengo denboraldian beste urte batez jokatu zuen Charlestonen.
2015. urtean bueltatu zen Europara, Amsterdameko Ajax taldera. Urte berean Euskal selekzioarekin lagunarteko partida jokatu zuen, Irlandaren aurka. Bi aldiz irabazi zuen liga Ajaxekin, eta 2018an, azkenik, PSV Eindhovenek fitxatu zuen.