Eragile guztien arteko mahai bat osatu nahi du EH Bilduk, terrazen araudia moldatzeko
Konfinamendua arintzeko neurrien baitan, hiriko ostalaritza establezimenduetako terrazen araudia malgutzea aztertzen ari da Donostiako Udala. Hain zuzen, maiatzaren 11tik aurrera terrazak irekitzeko baimena emango du Espainiako Gobernuak, baina edukiera %30era murriztuta eta pertsonen arteko segurtasun distantziak mantenduz. Beraz, jende gutxiago egon ahal izango da taberna, kafetegi eta jatetxeetako terrazetan, eta araudia malgutzearekin, horien tamaina handitzeko aukera aztertzen ari da udala. Horrek, ordea, espazio publikoa murriztea ekarriko luke, eta Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen kexak jaso ditu aukera horrek. Horregatik, arloan zeresana duten eragile guztien –ostalariak, auzo elkarteak, sindikatuak, udala eta talde politikoak– arteko mahai bat osatzeko proposamena egin du EH Bilduk, araudiaren moldaketa adostu bat lortzeko.
Izan ere, EH Bilduren aburuz, terrazak zabaltzeak eragina izango luke “guztiona den espazio publikoaren erabileran”. Ildo beretik, nabarmendu dute aintzat hartu behar dela espazio publikoaren okupazio maila ez dela berdina Parte hiriko auzo guztietan, Parte Zaharrean, Erdialdean edo Grosen terrazek Intxaurrondon, Altzan edo Egian baino espazio gehiago hartzen dutelako. Era berean, terrazak zabaltzeak gaur egungo araudia aldatzea ekarriko luke, izan ere, EH Bilduk gogoratu du araudia ez dela hamar urte baino gehiagotan aldatu.
Merkataritzarekin batera, alarma egoerak gehien kaltetu duen arloetako bat da ostalaritza, eta gaiaren inguruan askotariko interesak daudenez –herritarrenak, ostalarienak, langileenak, eta abar–, neurriak “modu partekatuan” hartu behar direla deritzo EH Bilduk, “euren jarduera ekonomikoa suspertzeko, enpleguaren kalitatea bermatzeko eta, oro har, donostiarron bizi kalitatea hobetzeko”. “Orain hartuko ditugun erabakiek gure hiriaren hurrengo urteetarako norabidea markatuko dute”, gaineratu dute.