"Etxetik zetozen berriek bizi behar genuen egoerarako aurretik prestatzen lagundu zidaten"
Erresuma Batuan dagoeneko bost aste daramatzate isolamenduan. Han bizi da Lorea Orueta (1988, Intxaurrondo), zehazki, Birminghamen. Hartutako neurriak direla eta, ERTE moduko batean dago une honetan. Eta, momentuz, etxealdia aurrera doa.
Nolatan zaude Ingalaterran?
Betidanik izan dut kanpoan bizitzeko grina. 2014ko martxoan Leonardo Da Vinci bekarekin etorri nintzen lehengo aldiz Ingalaterrara, Yorkera zehazki. Beka hau lau hilabetetarako zen eta bukatzean Donostiara itzuli nintzen. 2014ko azaroan, beste beka batekin, Yorkera itzuli nintzen berriro. Euskal Herrian, nire arloko egoera zein zen ikusita, Erresuma Batuan gelditzea erabaki nuen. 2015. urtetik Birminghamen bizi naiz. Bost urte daramatzat laborategi batean lanean, sexu-transmisiozko askotariko infekzioetarako proba diagnostikoak ikertzen eta garatzen.
Zein neurri hartu dira?
Erresuma Batuan garrantzia handia ematen diote biztanleen osasun mentalari. Hori dela eta, hasiera-hasieratik, erosketak egin edo lanera joateko ateratzeaz gain, kirola egiteko edo ibiltzeko ere atera gaitezke, teorian egunean behin, bakarrik edo bizi garen pertsonekin.
Bestetik, neurriak ez dira Espainiako gobernuak ezarri dituen bezain zorrotzak. Esaterako, polizia isunak £60koak dira. Gainera, hasiera batean gobernuak emandako informazioa lausoa zen, “distantzia soziala mantendu” esanez, baina zertan datzan azaldu gabe. Alegia, iradokizunak eman zituzten jendeak arduraz jokatuko zuelakoan. Espainian gertatu zen bezala, jendea bigarren etxebizitzetara eta oporretara joaten hasi zen, eta azkenean parkeak eta eremu irekiak itxi egin behar izan zituzten. Galesek, adibidez, martxoko azkeneko asteburuan urte guztian baino turista gehiago izan zituen.
Lau asteren ondoren jendeak kontzientzia handiagoa duela esango nuke. Boris Johnson ospitalean egon izanak ere lagundu duela uste dut. Hala ere, berrogeialdia hasi zenetik eguraldi ezin hobea izateak ez du jendea etxean gelditzen laguntzen.
Herrialde osoan neurri berdinak ezarri dira?
Bai, baina poliziak ez du protokoloa berdin erabili. Kostaldeko hiri eta herrietan protokoloa modu zorrotzagoan ezarri da, “barrualdeko” biztanleak uxatzeko, £60ko isunak jarriz. Kopuru barregarria iruditzen zait niri, batik bat polizia kontrol kopuru baxua ikusita. Toki batzuetan, poliziak isuna jarri dizkie euren etxeetako lorategietan zeudenei, umeak etxe barruan egon behar zirela esanez. Ondoren, gobernuak azaldu zuen jardin pribatuen erabilera onartua dago.
Nola bizitzen ari zara zu egoera?
Egoerak duen garrantzia eta eragiten duen kezkaren barruan, nahiko lasai bizitzen ari naiz oraingoz. Etxetik zetozen berriek bizi behar genuen egoerarako aurretik prestatzen lagundu zidaten, hemengo komunikabide eta gobernuaren lasaitasunaren aurrean. Kalera irtetea onartua dagoela jakiteak ere urduritasuna murrizten du. Hala ere, ahalik eta gutxien ateratzen naiz. Etxean lorategia izateak laguntzen du horretan, noski. Baina, nahi izanez gero, aukera hori daukat. Gainera, kalera joatean, ez da polizia asko ikusten, eta kaleak nahiko hutsik egon arren, normaltasun sentsazioa ematen du.
Nola eragin dizute neurriek?
Hasiera batean etxetik lan egiten hasi nintzen, baina laborategi batean nagoenez, ezin da egoera asko luzatu. Enpresak, gobernuko Furlough Scheme izeneko baimena hartu du, ERTE antzeko bat. Nahiz eta %80a ordaindu, enpresak gainerakoa ordaintzen dit. Lagun batzuen egoerarekin alderatuz, nik zortea daukat. Lanetik haratago, Kolonbiara joateko bidaia nuen antolatuta, eta bertan behera gelditu da. Orain zalantza da Donostiara itzultzeko aukera noiz izango dudan.
Nola ari zara bizitzen hemengo egoera?
Urduritasunarekin, normala den bezala, eta guztia pasa ostean geldituko den egoera zein izango ote den pentsatzen. Arraroa badirudi ere, lasaitasuna ematen dit hemen baino neurri zorrotzagoak dauzkazuela jakiteak, gobernuak maskararen erabilera eskatzea adibidez. Baina, zorionez, senide eta lagunak ondo daude.