Hirugarren gradua eman diote Jagoba Codo presoari
Jagoba Codo preso donostiarrari hirugarren gradua eman diote Espainiako Espetxe Erakundeek. Harekin batera, beste biri ere eman diete gradu hori: Sestaoko Fernando Alonsori eta Gasteizko Xabier Agirreri. Hiru presoek bete dituzte zigorren hiru laurdenak, eta espetxe erakundeek legeak agindutakoa jarraituz hartu dute neurria. Gainera, nabarmendu dute hirurek adierazi dutela indarkeriarekiko arbuioa, baita eragindako kaltea eta espetxe legezkotasuna aitortu ere.
Codo Logroñon dago gaur egun preso, Euskal Herritik 170 kilometrora. Amarakoak espondilitis ankilosante izeneko gaixotasun erreumatikoa dauka, eta hori dela eta preso gaixoen kolektiboan dago. Ingurukoak aspalditik ari dira salatzen Codoren egoera okerrera egiten ari dela espetxean.
2001eko apirilean Mexikotik estraditatu zuten preso donostiarra, eta kondena osoa beteta 2020ko azaroan aterako da. Lehenengo graduan eduki zuten2017ko martxoa arte, Auzitegi Nazionalak auto baten bidez bigarren gradua onartu zion arte.