Kaiko etxola turistikoa eraitsi dute
Mollaberria eta Lasta plazaren artean zegoen etxola turistikoa bota dute, konfinamendu egunak aprobetxatuz. Eraikinaren eskumena duen erakundea da Euskadiko Kirol Portuak (EKP), eta han zeuden uhartera joan-etorriak egiten dituzten ontzien txartelak erosteko leihatilak, baita kirol nabigazioko hainbat zerbitzu. Berritzen ari diren Portaaviones eraikinean jarriko dituzte zerbitzu horiek.
Hori ez da kaian egiten ari diren obra bakarra. Joan den azaroan hasi zituzten iparraldeko kai-muturra konpontzeko lanak, eta azken egunetan lanean ari dira langileak. Donostiako Udalak obren hasieran azaldutakoaren arabera, horien helburuak dira kaiko itsasartea eratzen duten egituren “egonkortasun globala” bermatzea, eta kai-muturretan izan den higadura prozesua berriz ez gertatzea. Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza da proiektuaren sustatzailea.