Marruseko baratze publikoak astelehenetik aurrera irekiko dituzte
Donostiako Udalak gaur goizean jakinarazi du Marruseko parkeko baratze publikoetan sartu ahal izango direla erabiltzaileak astelehenetik, maiatzaren 4tik, aurrera. Erabiltzaileek hainbat neurri bete beharko dituzte ezinbestean: baratze bakoitzean pertsona bakar bat egon ahal izango da aldiro, eta 2 metroko distantziak mantendu beharko dira gainontzeko baratzeetako erabiltzaileekin espazio guztietan (pasealekuetan, etxolan eta abarretan); eskuak maiz garbitu beharko dira; eskularruak erabiltzea derrigorrezkoa izango da parke osoan, eta etxolan, baita maskara ere, nahiz eta azken honen erabilera parkeko puntu guztietan gomendatzen den. Era berean, ukitzen diren eta partekatzen diren elementu guztiak (ateak, kandadua, eskorgak, aitzurrak, eta abar) erabili aurretik eta ondoren desinfektatu beharko dira. Azkenik, etxolan arropa utzi eta arropaz aldatzea debekatuta dago.
Bestalde, udalak esan du erabiltzaileen portaerak eta egoeraren eboluzioak neurriak baldintzatu eta aldaketak eragin ditzakeela.