TAO zerbitzua hiriko mugikortasuna areagotu ahala berrabiaraziko dute
Konfinamendua arintzeko neurriak direla medio, pixkanaka Donostiako kaleetako mugimendua areagotzea aurreikusten da, eta, beraz, TAO zerbitzua berrabiaraztea. Udalak ez du zerbitzua berriz ere funtzionamenduan jartzeko datarik zehaztu, baina “hiriko mugikortasuna areagotu ahala” jarriko dutela adierazi zuen Eneko Goia alkateak asteartean: “aparkamendua erregulatzeko beharra berriz sortzen denean itzuliko da TAO zerbitzua”. Izan ere, zerbitzuak “aparkamendua erregulatzeko helburua” duela nabarmendu zuen Goiak, eta ez “dirua biltzeko helburua”.
Udalak TAO zerbitzua bere horretan mantendu zuen alarma egoeraren lehenengo egunetan, pertsona eta ibilgailuen mugimendua murrizteko bidean, “erabaki koherentea” zela argudiatuz. Martxoaren 26an, ordea, atzera egin zuten, eta zerbitzua bertan behera uzteko erabakia hartu zuten. Era berean, alarma egoeran zehar TAOn jarritako isunak deuseztatu zituen udalak apirilaren lehenengo egunetan.