"Argi geratu da zientzialarien garrantzia"
Koronabirusa sendatuko duen txerto edo sendagai baten zain dago mundu osoa. Medikuek egiten duten lan handia txalotzen dugu arratsaldero, baina ikertzaileek ez dute horrenbesteko errekonozimendurik jaso, eta haien egoera ezegonkorra izan ohi da, berez. Yovana Cabrera, Ane Olazagoitia eta Jon Ander Nieto ikertzaileek haien ofiziotik egoera nola ikusten duten azaldu digute.
Zer moduz bizitzen ari zarete ikertzaileak egoera hau?
Ane Olazagoitia (A.O.): Pentsatzen dut beste edozein langile bezala. Ez gara momentu onak pasatzen ari, ez baitakigu zer gertatuko den gure lanarekin, ikerketekin eta tesiekin. Epe laburrekoak izan ohi dira gure lan kontratuak, eta diru-laguntzen menpekoak gara askotan.
Bestalde, gure lanak geldialdian dauden bitartean, ahal dugun heinean, Euskal Herriko ikertzaile asko krisi honetan laguntzeko prest agertu gara.
Zein motatako ikerketak dira koronabirusa detektatzeko egiten ari direnak?
Yovana Cabrera (Y.C.): Orain arte, hiru estrategia erabiltzen ari dira birusa detektatzeko. Batetik, birusaren berariazko antigenoen detekzioa deritzona dago. Teknika honen abantaila nagusia erantzunak oso azkar jakiten direla da, bost edo hamabost minututan, eta momentuan egin daiteke tira baten bidez. Hala ere, desabantailak ere baditu: sentikortasun baxua du, eta positibo bat antzemateko lagin handia behar da, besteak beste.
Bigarrenik, antigorputzen antzematea egongo litzateke, hau da, test serologikoak. Aurrekoaren antzeko abantaila eta desabantailak ditu horrek.
Azkenik, PCR erako testak ditugu, sentikortasun eta espezifikotasun aldetik fidagarrienak direnak. Horiek laborategi batean egin behar dira, horretarako prestatutako langileekin. Beraz, kostua handitu egiten da, halabeharrez. Bestalde, emaitzak jakiteko lau ordu inguru behar izaten dira.
Azpimarratzekoa da, nahiz eta PCR motako testak fidagarrienak izan, erakunde gehienak test azkarrak egiteko hautua egiten ari direla, arrazoi ekonomiko edo burokratikoengatik, akaso.
Behar bezalako errekonozimendua edo esker ona jasotzen ari zaretela sentitzen duzue?
Jon Ander Nieto (J.N.): Nire ustez, ikerkuntza da ahaztuen dagoen sektoreetako bat. Dena ondo doanean, inork ez du inbertitu nahi, baina halako osasun larrialdi bat dagoenean, eta sendagaiak eta txertoak behar direnean, zientzia komunitatearengan jartzen da ardura.
Ordurako ez bada zientzian inbertitzen, larrialdia etortzen denean beranduegi izango da. Halako egoeretan uste dut txertoa bilatzen ari diren ikertzaileak bai baloratzen direla, baina krisia pasa ondoren, berrio ere ahaztu egingo gaituztela.
Azken asteetan behar-beharrezko zerbitzuetarako jende asko kontratatzen ari dira (supermerkatuetan, ospitaleetan…). Ikertzaile gehiago kontratatzen ari dira?
A.O.: Nik ezagutzen dudan errealitateari begira, koronabirusaren aurka lanean dabiltzan ikertzaileen gehiengoa boluntario moduan ari da, eta horietako asko, gainera, lanaldi osoko ordu kopuruak betetzen.
Beraz, esango nuke ezetz, ez direla ikertzaile gehiago kontratatzen ari. Orain arte ez da ikertzaileen lan baldintzak duintzeko ahaleginik egin, eta koronabirusak ere ez du halakorik lortu.
Zer proposatzen edo eskatzen duzue zuen egoera hobetzeko?
Y.C.: Zientzialari sistema indartsu bat sortzeko beharra dago. Ez bakarrik halako egoerei etorkizunean modu azkarrago eta eraginkorragoan erantzuteko, baizik eta beste milaka gaixotasunen sendabideetan ikertzen jarraitu ahal izateko.
J.N.: Ikerketa sistema sendo hori lortzeko, unibertsitate publikoaren formakuntza giltzarria da, nire ustez. Horretarako, proiektu desberdinak finantzatzea eta ikertzaileei bekak ematea oso garrantzitsua da.
A.O.: Zientziak eta ikerkuntzak duten garrantzia ezagutarazi behar dela uste dut, baina, batez ere, baldintza duinak ezartzea ikusten dut beharrezkoagoa.
Noiz arte uste duzue iraungo duela egoera honek?
J.N.: Ez naiz epidemiologoa, eta ez dut birus hau ikertzen, beraz, ez naiz aditua gai honetan.
Susmoa dut oraindik birus hau gure artean egongo dela denbora luze batez, txerto bat aurkitu arte edo biztanleria immunizatu arte. Bitartean, garbitasuna mantendu, eta lasaitasunez hartu beharko dugu. Denok elkarlanean arituz gaindituko dugu koronabirusa.
Y.C.: Ni ere ez naiz aditua, baina uste dut beharrezkoa dela biztanleriaren zati batek infekzioa pasatzea eta immunizatzea, agerraldi berri baten eragina gutxitzeko.
Hartutako konfinamendu neurriak beharrezkoak izan dira, osasun sistema arintzeko, baina uste dut normaltasunerako itzulera progresibo batek birusaren garapena normalizatzen lagunduko lukeela, beti ere arduraz eta garbitasunez jokatuz.
A.O.: Gobernuek hartzen dituzten erabakien eta gizartearen erantzunaren menpekoa izango da birusaren bilakaera.
Argi geratu da birus hau nolakoa den ezagutzearen garrantzia, eta hortaz, ikertzaileon lanaren garrantzia. Egoera honi aurre egiten jarraituko dugu, ahal dugun eta uzten diguten heinean.