Berra egoitzako langileen eta egoiliarren egoera salatu dute
Koronabirusak Altzako Berra zaharren egoitzako langileen egoera txarra agerian utzi duela salatu du ELA sindikatuak, pertsonal eta material falta handia dagoelako. Bestalde, egoiliarren senideek adierazi dute egoitzako langileak "lanez gainezka" daudela.
Oihartzun handia izan dute azken asteetan Altzako Berra zaharren egoitzako langileen salaketek, pertsonala eta material kopurua handitzea behar-beharrezkoa dela adierazi baitute, egoiliarren bizi baldintza duinak bermatu ahal izateko. Izan ere, Berrako egoera “oso larria” dela nabarmendu du Txomin Lasak, ELA sindikatuko arlo soziosanitarioko arduradunak: “Berran 100 langiletik gora daude, eta 40 bat daude bajan koronabirusa dela eta, izan sintomak dituztelako edo izan positibo eman dutelako. Horretaz gain, 35 egoiliar inguruk eman dute positibo, eta hamabi Matia kaleko Gurutze Gorrian daude. Gure datuen arabera, martxoaren 20tik apirilaren 17ra 25 hildako egon ziren, normalean, hilabetean bat eta hiru pertsona artean hiltzen diren bitartean”. Hori dela eta, egoerari buelta ematen saiatzeko, Osakidetzaren esku hartzea eskatu du sindikatuak.
Egoitzako erizainen egoera, esaterako, bereziki zaila dela azaldu du Lasak: “Zortzi erizainek egiten dute lan Berran, eta sei bajan egon dira. Beraz, beste biak hamar eta hamabi orduko txandak egiten ibili dira. Oso inplikatuta daude egoera honi buelta emateko, baina oso gogorra da, eta ondorioak negargarriak dira”.
Madalen Ibañezen ama Berrako egoitzan dago, eta Lasaren ildo beretik jo du: “Langileak leher eginda daude. Senideak bisitan joaten ginenean, langileak pixka bat liberatzen genituen, baina orain ezin dugu joan”. Nekane Saenz de Cabezonen kasuan, osaba da Berran dagoena, eta krisi honek aspalditik zeuden arazoak areagotu dituela azpimarratu du: “Egoera hau iritsi aurretik, aspalditik ikusten genuen langileak ez zirela euren ratioak betetzera iristen, horregatik egin genuen bat euren grebarekin. Osabarekin hitz egiteko deitzen duzunean, ikusten duzu langileak lanez gainezka daudela. Gainera, hogei egoiliarretik gora hil dira aste hauetan, eta horrek sekulako egurra eman die langileei”.
Bestalde, egoera horrek egoiliarrei ere asko eragiten diela azaldu du Ibañezek: “Burua ondo daukatenak konturatzen dira zerbait gertatzen dela eta kezkatzen dira, baina burua hain ondo ez daukatenak ez dira ondo jabetzen, eta izutu egiten dira”. Saenz de Cabezonek adibide batekin azaldu du hori: “Osabarekin bideo deia egin dugun egun askotan, eguerdian egin dugu, eta oraindik pijama jantzita zuen, langileek ez zutelako denborarik izan aldatzeko”.
Berrara materiala iristen hasi bada ere, krisia hasi zenean gauza asko falta zirela nabarmendu du Lasak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zituen segurtasun protokoloak material falta hori oinarri hartuta garatu zituztela. Lasaren arabera, arazo horren atzean Berra egoitza kudeatzen duen DomusVi enpresa dago: “Agerian gelditu da, berriz ere, egoitzak horrelako enpresa baten esku uztean, diru sarrerak lehenesten direla herritarren interesen, langileen lan baldintzen eta egoiliarren bizi baldintzen aurretik”. Enpresa horren jarrera kritikatu du Ibañezek ere: “Enpresa kudeatzailea dirua egitera etorri da, eta ahal duten guztian aurrezten dute, baita pixoihaletan ere”. Horregatik, Saenz de Cabezonek mezu argi bat bidali nahi izan die erakunde publikoei: “Erakundeei esan nahiko nieke egoera honetatik zerbait ikasi behar dugula, eta zerbitzu horrek publikoa izan behar duela. Langileei, ordea, eskerrak eman nahi dizkiet, baldintza kaskarrenetan ere dena ematen ari direlako”.
Aldundiaren neurriak
Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak azaldu duenez, badakite Berrako egoitzan zer gertatzen ari den, eta, horregatik zaintzaile eta erizainen lan poltsak ireki dituzte, eguneko zentroetako langileak zaharren egoitzak indartzera pasa dituzte eta, kasu batzuetan, Osakidetzaren esku hartzea ere ahalbidetu dute. Era berean, langileen eskura jarri dituzten baliabideak nabarmendu ditu: “Arreta psikologiko zerbitzu bat (900-43 43 43 telefonoan) jarri dugu langileentzat, eta aukera dute, era berean, ostatu hartzeko lurraldeko hamalau hotelez osatutako sarean, zaurgarriak diren senitartekoak ez kutsatzeko edo lanerako joan etorria egiteko zailtasunak badituzte”.
Bestalde, materialari dagokionez, neurriak hartu dituztela azpimarratu du Mendozak: “Dagoeneko 3.000 maskara inguru bidali dira Berrara eta 800 NBE [Norbera Babesteko Ekipamendu] oso baino gehiago”. Horretaz gain, martxoan egoitza guztietara protokolo zehatzak bidali zituztela adierazi du: “Protokolo horietan agertoki desberdinak finkatzen dira eta bakoitzean hartu beharreko neurriak zehazten dira: kasu positiborik ez duten egoitzetan hartu beharreko prebentzio neurriak, kasu susmagarriak daudenetan hartu beharrekoak, eta kasu positibo bat edo gehiago dituztenetan hedapena eusteko hartu beharrekoak ere zehaztuz”.
Era berean, egoitzetako langileak erakusten ari diren inplikazio mailarekin eskertuta agertu da Mendoza: “Sekulako ahalegina egiten ari gara egoerak eskatzen duen ardura eta erantzukizunarekin, eta nola ez, profesional guztiak egiten ari diren lana benetan eskertzen dugu, ez baitira une errazak”.
Greba, atzeratuta
Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek 243 egun zeramatzaten greban koronabirusaren krisia hasi zenean, euren ratioen eta soldaten berrikuspena eskatzen. Aste zailak zetozela aurreikusita, ordea, greba atzeratzeko erabakia hartu zuten, egoitzetako egoiliarrak ondo artatu ahal izateko. Lasaren arabera, Gipuzkoako egoitza guztietako egoera txarra zela are argiago gelditu da osasun krisi honekin, beraz, “inoiz baino argiago” dute grebara itzuliko direla ahal bezain laster: “Urteak daramatzagu sektore honetan borrokatzen, gehienetan emakumeen eskuetan dauden zaintza lan hauek oso prekarizatuta daudela salatzeko. Horregatik, argi dugu grebara itzuliko garela, langileen lan baldintza duinak eta egoiliarren bizi baldintza duinak bermatzeko”.