Egurrezko parke bat eraikiko dute Añorgan
Parkea MartxUP! egitasmoaren barruan egingo den lau proiektuetako bat da. Eneko Sierra eta Maddi del Campo Añorgako Kultur eta Kirol Elkartearekin elkarlanean ari dira, haurrentzako Naturaren Parkea eraikitzeko, auzoko nerabe eta gazteen laguntzarekin.
Auzoko haurren behar eta gustuei erantzutea da Sierra eta del Campo garatzen ari diren proiektuaren helburua. Museum Cemento Rezolaren ondoko belardian eraikitzekoa da parkea, material naturalen erabilpena lehenetsiz. Bestalde, proiektuaren diseinuan nerabe eta gazteak inplikatu nahi dituzte, auzoko belaunaldi desberdinen lotura eta komunikazioa indartuz.
Parkea egiteko ideia nondik datorren azaldu du del Campok, egitasmoaren arduradunetako batek: “Azken urteotan Añorga asko aldatu da, hainbat obra egin dira eta, horren ondorioz, geneukan jolas parke konbentzional bakarra kendu egin zuten. Obra guztiak amaitzean, Donostiako Udalak jolas-parkea egingo zuela hitz eman zigun, beraz, une egokia iruditu zitzaigun espazio horiei buruz hausnartu, sentsibilizatu, elkarlana sustatu eta jarduerak mugatu gabeko jolas-zonalde bat eraikitzeko”.
Museoaren ondoko belardia leku egokia dela uste dute, naturarekin duen harremanagatik: “Umeei irudimena lantzeko espazio bat eskaini nahi diegu. Jolas librea sustatuko dugu, kolektiboa zein indibiduala. Añorgako eremu ia guztiak zoru gogorrekoak dira, zementuzkoak, eta parkeak zoru biguna izateaz gain, naturarekin lotutako espazio bat eskainiko digu”.
Parkea MartxUP! egitasmoaren hirugarren ekitaldiaren barruan egingo den lau proiektuetako bat da. Donostiako Udalak babesten du programa hau, eta gazte donostiarren proiektuak bultzatzen ditu, saretze prozesuen bidez. Maddi del Campok kontatu du parkea egiteko egitasmo aukeratu zutela, horrelako ideiak inolako laguntzarik gabe gauzatzea “ezinezkoa delako”. Jendea animatu du horrelako egitasmoetan parte hartzera, “pertsonalki eta profesionalki hazteko aukera eman digulako”, jarraitu du del Campok.
Era berean, proiektua Añorgako Kirol eta Kultur Elkartearen Dabilen Herria egitasmoaren barruan garatzen ari dira.
Prozesua
Lau fasetan burutzen ari dira proiektua. Lehena, informazioa eta sentsibilizazioa; gurasoei, Amassorrain ikastolari, auzoko nerabeei eta parte hartuko duten guztiei proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.
Bigarren fasea, nerabeekin dinamizatze saioak egitea izan da. Haiek izan dira haurrekin ideiak biltzeko jarduerak egin dituztenak. Hezitzaile profesionalen laguntza izan dute, umeekin nola jokatu behar zuten jakiteko saioak eginez.
Haurrek irudikatutako eta marraztutako ideiak “zoragarriak” eta “benetan txundigarriak” direla dio del Campok. Hurrengo fasea, hirugarrena, diseinu horiek sailkatu, hautatu eta errealitatean eraikiko dena diseinatzea da, eta horretan dabiltza. Denbora eskatzen du prozesu honek, ordea, “legedia zorrotza delako, eta segurtasuna bermatzea ezinbestekoa delako”.
Azken fasea auzolanean eraikitzea izango da, segurtasun neurriak betez, beti ere. Gainera, auzotarren arteko harremana eta komunikazioa indartu nahi dute: “Komunikazio hori euskaraz izango da eta, aldi berean, hizkuntza ohiturak ere landuko ditugu”. Eta eraikuntza materialari dagokionez, naturalak erabiltzea lehenetsiko dute; batez ere, egurra eta sokak erabiliz.
Nerabeak erdigunean
Haurrek erabiliko duten arren, gazteek eta nerabeek diseinu eta eraikuntza lanetan aritzea eta inplikatzea garrantzizkoa dela uste dute, auzoarekiko konpromiso eta atxikimendua izan dezaten: “Hasieratik argi izan genuen nerabeak erdigunean jarri behar genituela. Alde batetik, gauzak egiteko gogoa eta ahalmena dutelako eta, askotan, aukerarik ere ematen ez zaielako. Bestetik, gazteek Añorgarekiko lotura indartzeko eta bizitza auzoan egiteko aukera ezin hobea delako. Eta azkenik, haiek sortutako zerbait Añorgan betikotua gelditzea zoragarria delako”.
Konfinamendua baino lehen hasiak ziren gazte eta haurren arteko harremanak, parke hau nola garatuko zen ikusteko.
Proiektuan parte hartzen ari den nerabeetako bat da Izaro Unanue añorgatarra. Umeen beharrei erantzuteko parke ezberdin bat egiteko ideiak arreta deitu zion: “Proiektuan gauden nerabeok haurtzaroa Añorgan pasa izan dugu, eta gertuagotik ikusten dugu oraingo haurrek dituzten beharrak”.
Azken aldian ume asko jaio direla ikusi dute, eta horiek jolasteko toki bat edukitzea garrantzitsua iruditu zitzaien: “Auzoarengandik asko jaso dugunez, esanguratsua iruditzen zait hazten ikusiko dugun belaunaldi berri honi ekarpen bat egin ahal izatea”.
Haurrentzat espresuki egindako espazioen falta somatzen dute gazteek, haien artean elkartzeko leku bat, hain zuzen: “Añorgan helduen aisialdirako tokiak badaude, elkarteak, esaterako; zerbait zehatza egiteko beharrik gabe elkartzeko lekuak. Haurrek, ordea, klub edo jarduera edo kirol jakin batean ez bada, ez dute toki zehatzik haien artean jolasean ibiltzeko”.
Umeekin aritu ziren, parke horiek nola izango ziren irudikatzen laguntzeko. Azaldu du, haurrei galdetu zietenean ez zutela parke hitza erabili, umeak originalagoak izan zitezen egitasmo hau irudikatzerako orduan: ”Haien parke idealak margotu zituzten, eta ondoren soka batzuekin muntatzen eta landareak landatzen lagundu genien, besteak beste”.
Haurrek haiena den espazio bat dutela sentiaraztea da gazteen helburua, “edozein momentutan eta beti beraientzat irekia egongo dena”.
Halako proiektuek, Añorgakoen komunitate izaera mantentzeko nahia erakusten dutela azpimarratu du Unanuek: “Egitasmo hau auzotik jaio da, ez du instituzio batek ezarri. Nik uste dut honela antzematen dela Añorgak bizirik mantentzeko duen gogoa”.