Erviti denda, musikaren etxea
120 urte baino gehiagoz Artzain Onaren pareko arkupeetan egon ondoren, Askatasunaren hiribidera mugituko direla iragarri zuten martxoan Erviti musika dendakoek. Albiste on bat da hori Donostiako musikarientzat, ia guztiak pasa baitira handik noizbait.
Erviti musika dendaren erakusleihoa, 1943. urtean, San Martin kaleko 38. zenbakian. (Argazkia: Kutxateka/Pascual Marin) Pasa den udan, Erviti musika dendak San Martin kaleko lokala uzteko agindua jaso zuen, 100 urte baino gehiago han egon eta gero, alokairuaren prezioaren igoeraren ondorioz. Zorionez, musika denda ospetsuak hirian jarraituko duela iragarri du, Askatasunaren hiribidean, hain zuzen.
1875an murgildu zen Jose de Erviti y Segarra (1852-1900) iruindarra musikaren negozioan. Izan ere, Madrilen egin zituen musika ikasketak, eta ikasle bikaina izan zen: 1875. urtean kontserbatorioko armoniako lehen saria irabazi zuen. Urte berean, musikari profesionala izateko lan egiten ari zen bitartean, denda bat ireki zuen hiriburu espainiarrean, eta konposizioak saltzen hasi zen, baita armonia klaseak ematen ere.
Madrilen bizi zela, Femina Bandres donostiarrarekin ezkondu zen 1882. urtean, eta urtebete beranduago jaio zen haien alaba Ines. Handik gutxira, Meridara (Extremadura, Espainia) joan ziren bizitzera. Ervitik ez zuen bere musikari izaera alde batera utzi, eta orkestra bat sortu zuen han, baita musika akademia baten sorreran lagundu ere.
1891. urtean Donostiara bueltatu zen familia. Editore eta irakasle lanekin jarraitu zuen Ervitik, 1899. urtean San Martin kaleko lokal ezaguna erosi zuen arte. Han ireki zuen hirian denbora gehienez irekita egon den musika denda.
Ordea, urtebetez ere ezin izan zuen Ervitik bere denda gozatu, 47 urte zituela hil baitzen, 1900. urtean. Hiru urte lehenago hil zen Femina, beraz, Ines Erviti alabak, 16 urte zituela, jarraitu behar izan zuen negozioarekin. Alabak aitaren lanarekin jarraitu zuen, edizioarekin eta armonia klaseekin. Logroñon ere denda bat ireki zuen urte batzuk beranduago, 2006ra arte irekita egon zena.
Ondoren, bere semeak hartu zuen lekukoa, Jose Manuel Garate Ervitik. Gaur egun, Garateren semeek kudeatzen dute musika denda, familia musikazale honen hurrengo belaunaldiarekin batera.
Urte askoan zehar hirian erreferentea izan da musika ikasle zein musikari profesionalentzat, bai instrumentuak eta partiturak erosteko, baita konponketak egiteko ere. Horregatik, berdin jarraitzeko asmoa dute.


