Etxealdiak ere aukerak ematen ditu hizkuntza ohiturak astintzeko
Igandeko jarduerarekin agur esango du apirilaren 20an aurkeztu zuten Etxealditik Euskaraldira egitasmoak. Parte-hartzea bera baino gehiago, konfinamendu egoeran hausnarketa bultzatu izana ontzat jo du Donostiako Euskaraldiak.
Etxealdiak sare eta Whatsapp bidezko komunikazioa nabarmen areagotu du, eta etxean bizi diren familia kideen arteko elkarrizketetan ere eragin du. “Komunikatzeko beharra inoiz baino handiagoa da, eta oso egoera aproposa iruditzen zitzaigun gure hizkuntza ohituretan eragiteko, ohitura batzuk finkatzeko eta etxean dauzkagun harremanetan pauso batzuk emateko”, azaldu du Maddi Juanikorenak, Donostiako Euskaraldiko batzordeko kideak. Modu horretan jaio zen Etxealditik Euskaraldira egitasmoa, apirilaren 20an hasi zena, eta igandean amaituko dena.
Antolatutako jardueretan izandako parte-hartzea baloratzea ez da erraza, dena modu birtualean egin baita. “Une honetan jendearengana iristeko modu bakarra sareak direnez, horien bitartez egin dugu, eta zenbat jende aritu den neurtzeko zailtasunak ditugu. Hasi ginenean, ordea, bagenekien neurketa egitea erraza ez zela izango”. Edozein kasutan, bultzatu duten gogoetarekin pozik daudela adierazi du Juanikorenak. “Pozik gaude, Etxealditik
Euskaraldira martxan jarri dugulako. Azken batean, etxealdia hizkuntza ohituren inguruan hausnarketa egiteko aprobetxatu behar zela uste genuen, eta hori egin dugu”. Gainera, beroketa ariketa ere izan da. “Egitasmoaren bitartez, urte amaieran egingo den Euskaraldirako aurre prestakuntza eskaini nahi izan diegu herritarrei”, azpimarratu du Juanikorenak.
Egitasmoak hiru fase izan ditu: apirilaren 20an, aurkezpena; apirilaren 21etik 23ra, etxekoekin eta gertukoekin zein hizkuntzatan egiten dugun hausnartzea; eta apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean egiten ditugun jardueretan aldaketak proposatzea. Azken fase honetan, sareetan zabaldutako bideoen bitartez, hainbat proposamen egin dituzte Euskaraldiko zein euskal kulturako hainbat eragilek; hala nola, euskaraz jolastea, funtsezko lanetan ari direnei eskerrak ematea, online poteatzea edo erosketak egitea. Egitasmoak, sareetan eta elkarrizketetan eragiteko helburua izateaz gain, hiriko zein Euskal Herri osoko balkoi eta leihoak koloretako puntuez bete ditu azkeneko bi asteetan.
Euskaraldirako lanean
Itxialdi egoera iritsi aurretik, urte amaieran —ondo bidean, azaroaren 20tik abenduaren 4ra— egingo den Euskaraldiaren antolaketan murgilduta zegoen Donostiako Euskaraldia, baina egoera dela eta, lana gelditzea erabaki zuten: ”Ez da unerik aproposena dinamikan parte hartzera gonbidatuko ditugun entitateetara gerturatzeko, egoera honetan beste lehentasun batzuk daudela uste dugu”, dio Juanikorenak.
Aurtengo Euskaraldia 2018an egindakoaren antzekoa izango da, baina aurten, mota askotariko entitateen hizkuntza ohituretan eragin nahi da, norbanakoen ohituretan eragiteaz gain. “Baina horretarako lanketa bat egin behar dugu lehenago”, dio Juanikorenak.
Horregatik, entitateekin egin behar duten lana geldituta badago ere, Donostiako Euskaraldiko koordinazio taldeak –Bagera Elkarteak eta udaleko Euskara Zerbitzuak osatzen dute–, bilerekin jarraitu du. “Beharrak irudikatzen eta aurreikuspenak egiten ari gara. Euskaraldiaren dinamika ez da baztertu, eta egiten jarraituko dugu”, aurreratu du.