Groseko asanblada feministak zapalkuntza jasaten dutenak lehen lerrora eramatearen beharra aldarrikatu du
Groseko asanblada feministak Maiatzaren Lehenaren harira mezua helarazi du, egoeraren balorazio bat egiteko. Azken urteetan mugimendu feministak lortu duen mobilizatzeko indarra eta gaitasuna aipatu dute, indarkeria matxista lehen lerrora ekarri baitute, bizitza erdigunean jartzeko aldarrikapenarekin batera.
Koronabirusaren krisiak sistema kapitalista patriarkalaren kontraesanak azaleratu dituela azpimarratu dute, eta inoiz baino garbiago ikusteko aukera izan dela “sistema hau bizitzaren jasangarritasunaren kontra doala”. Jendartearen gehiengoaren bizi-baldintzak okerrera egiten ari direla diote, eta askoz ere larriagoa izan daitekeela etorkizun hurbilean. Horren aurrean, “esplotatzen eta zapaltzen gaituen jendarte-antolaketa” suntsitzearen beharra ikusten dute, bizitza erdigunera ekartzeko. Horretarako borroka eta antolakuntza behar-beharrezkoak izango direla diote.
Sistemaren esplotazioa eta zapalkuntza jasaten dutenek lehen lerrora etorri behar direla azpimarratu nahi izan dute egun honetan: “Lehen lerrora gutxiengo baten etekinak handitzea beste helbururik ez duen lan-munduak esplotatuak, langile prekarioak, paperik gabekoak, soldata-arrakala jasaten dugun emakumeak, eskubide urraketa onartezinak jasaten ari diren etxeko langileak, langabeziara kondenatutako genero disidenteak, lanaldi amaiezinak jasaten dituztenak, erdi-esklabutzan ari direnak, laneko sexu-jazarpena sufritzen dutenak, haurra magalean telelanean ari direnak, ERTEan egonda lanean ari direnak. Lehen lerrora sistemaren indarkeria lazki jasaten ari direnak, arrazializatuak, erasotzailearekin itxita egotera kondenatuak, kalean bizi direnak, etxebizitzarik gabe geratzeko arriskuan daudenak, hozkailua bete ahalko duten beldur direnak, hezkuntza-eskubidea gauzatzeko zailtasunak dituzten umeak.”
Diotenez, isilaratuko dituzten arren, lanean jarraituko dute, lehen lerrora ekarriz elkartasunean oinarritutako harremanak, zaintzak koletibizatzeko proiektuak, eta era guztietako mobilizazioak, “desobedientzia handi eta txikiak” eginez. Hori dena helburu batekin egingo dute: “Lehen lerrora ekartzeko denok bizitzea merezi duen bizitza bat izan dezagun desiragarriak diren baldintzak. Behingoz, bizitza erdigunera ekartzeko, eta, horretarako, gutxiengo baten etekinak handitzea erdigunetik kentzeko”.
Adierazpen guztia, hemen:
“Azken urteetan batez ere, mugimendu feministak mobilizatzeko eta subjektibotasunak eraldatzeko gaitasun handia erakutsi du. Besteak beste, lortu du indarkeria matxista lehen lerrora ekartzea, baita bizitza erdigunean jartzeko aldarrikapena mahai gainean jartzea ere. Zer dakar, ordea, bizitza erdigunera ekartzeak? Azken aste hauetan, sistema kapitalista patriarkalaren kontraesan guztiak azaleratu zaizkigu, inoiz baino gordinago, eta horrek aukera eman digu inoiz baino argiago ikusteko sistema hau bizitzaren jasangarritasunaren kontra doala. Hamaika adibide aipa genitzake. Krisi sanitario, sozial eta ekonomiko honetan, jendartearen gehiengoaren bizi-baldintzak okerrera egiten ari dira, eta aurreikus dezakegu egoera askoz ere larriagoa izango dela etorkizun hurbilean. Hori ikusita, gure apustua argia da: esplotatzen eta zapaltzen gaituen jendarte-antolaketa hau suntsitu behar dugu, bizitza erdigunera ekarri nahi badugu. Zenbaitek aurreikusi dute berez egingo duela porrot, baina ez dugu inozoak izan behar: egungo sistemaren porrotak ez dakar ezinbestean sistema hobe bat. Borroka eta antolakuntza behar-beharrezkoak izango dira horretarako.
Beraz, gaur, maiatzaren lehenean, langileon egunean, aldarrikatu nahi dugu lehen lerrora etorri behar dugula sistema honen esplotazioa eta zapalkuntza jasaten dugunok: Lehen lerrora gutxiengo baten etekinak handitzea beste helbururik ez duen lan-munduak esplotatuak, langile prekarioak, paperik gabekoak, soldata-arrakala jasaten dugun emakumeak, eskubide urraketa onartezinak jasaten ari diren etxeko langileak, langabeziara kondenatutako genero disidenteak, lanaldi amaiezinak jasaten dituztenak, erdi-esklabutzan ari direnak, laneko sexu-jazarpena sufritzen dutenak, haurra magalean telelanean ari direnak, ERTEan egonda lanean ari direnak. Lehen lerrora sistemaren indarkeria lazki jasaten ari direnak, arrazializatuak, erasotzailearekin itxita egotera kondenatuak, kalean bizi direnak, etxebizitzarik gabe geratzeko arriskuan daudenak, hozkailua bete ahalko duten beldur direnak, hezkuntza-eskubidea gauzatzeko zailtasunak dituzten umeak.
Argi dago sistemak bere ahalegin guztiak egingo dituela gu isilik eta bakartuta edukitzeko, bere makineria guztia jarriko duela martxan emakumeok zaintza lanez ardurarazteko, partehartze politikoa zailtzeko, bakartzeko, instituzioetan konfiantza itsua izateko eta desmobilizatzeko, karitatearen adabakia jartzeko. Eta, beraz, lanean jarraituko dugu. Lehen lerrora ekarriko ditugu elkartasunean oinarritutako harremanak, elkarren ispiluan begiratu eta elkarri laguntzea sustatzen duten ekimenak, zaintzak kolektibizatzeko proiektuak, era guztietako mobilizazioak, desobedientzia handi eta txikiak. Zertarako? Lehen lerrora ekartzeko denok bizitzea merezi duen bizitza bat izan dezagun desiragarriak diren baldintzak. Behingoz, bizitza erdigunera ekartzeko, eta, horretarako, gutxiengo baten etekinak handitzea erdigunetik kentzeko. Argi daukagua borrokak askatuko gaitu, eta, era berean, borrokan askatuko gara. LEHEN LERRORA!”