Irregulartasunak salatu dituzte Donostiako Metroaren lanetan
Beharrezkoak ez ziren lanak legez etenda zeuden bitartean, Donostiako Metroaren lanek aurrera jarraitu zutela salatu du ELA sindikatuak, baita istripu bat egon zela ere. Era berean, lan horietan irregulartasun asko daudela nabarmendu du.
Koronabirusa dela eta, funtsezkoak ez ziren lan jarduera guztiak etenda egon ziren martxoaren 30etik apirilaren 9ra, hau da, janari dendek, farmaziek eta ezinbestekoak diren bestelako jarduerek baino ezin zuten lanean jarraitu. Eraikuntza lanak, esaterako, eten egin ziren legez, baina Donostiako hainbat herritarrek salatu zuten Metroaren lanetan mugimendua zegoela, eta ELA sindikatukoek hainbat dei jaso zituzten horren harira. Igor San Jose ELAko eraikuntza arloko arduradunak azaldu duenez, atzeratuta zituzten lanak egiten ari ziren: “Ez ziren ehuneko ehunean lanean ari, ez baitzuten hondarra ateratzen, jendeak ez ikusteko. Barruan, ordea, atzeratuta zituzten beste lan batzuk egiten ibili ziren, beharrezkoak ez zirenak”.
Mirakontxa-Easo zatian ari ziren lanean, “Benta Berrikoa ia bukatuta daukatelako”, San Joseren arabera. Izan ere, Mirakontxa-Easoko lanetan arazoak izaten ari direla azaldu du ELAkoak: “Easoko zonaldean atzeratuta doaz, nahiko harri handiak topatzen ari direlako eta hiria gainean dutelako. Etxe nahiko zaharrak dituzte gainean, eta gauza asko arriskuan jartzen ari direla uste dugu”.
Funtsezko lanak etenda zeuden egunetan lan egiteaz gain, martxoaren 31ean, 15:00ak aldera, istripu bat ere gertatu zela salatu du San Josek: “Bere lanaldia bukatzen ari zen langile batek istripu bat izan zuen makina batekin. Makinaren frenoak ez zeuden ondo, irrist egin zuen, eta istripua gertatu zen, nahiz eta ez zen larria izan”. ELAko arduradunaren arabera, enpresakoak urduri jarri ziren istripua gertatu zenean, eta langileari bota zioten errua: “Horrelako zerbait gertatzen denean, beti jartzen dira urduri, eta mehatxuka hasten dira. Gainera, istripua izan zuen langilea sanzionatu zuten apirilaren 6an. Egin behar zuen lana gaizki egiten ari zela dio enpresak, baina arazoa da lan egiten ari zela, etxean egon behar zuenean”.
Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzaren aurrean aurkeztu ditu ELAk salaketa horiek euren frogekin batera, bai martxoaren 30etik apirilaren 9ra lanean egon direla, baita istripu bat egon zela ere. Hedabide hau Metroaren lanen arduradunarekin, Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du lortu.
Hamar salaketa
Bi salaketa horiek aintzat hartuta, San Josek adierazi du azken hilabeteetan hamar salaketa aurkeztu dituztela Lan Ikuskaritzan, lan baldintzen ingurukoak batzuk eta segurtasunaren ingurukoak beste batzuk: “Lehenengo salaketa 2019ko maiatzaren 31ean egin genuen, eta lau salaketa aurkeztu genituen, lan baldintzak oso txarrak zirelako. Izan ere, ordu asko sartzen zituzten, hamabi orduko bi txanda, (7:00-19:00 eta 19:00-7:00), hain zuzen. Ostiraletan, ordea, luzatu egiten zuten arratsaldeko txanda larunbateko 14:00ak arte (19 ordu)”. Lan Ikuskaritzak arrazoia eman ziela azaldu du San Josek, eta, horregatik, urtarriletik zortzi orduko hiru txandatan lan egiten ari direla. Izan ere, ELAkoaren arabera, aurkeztu dituzten salaketa guztietan arrazoia eman die Lan Ikuskaritzak.
Azkenaldian, lan istripuen eta segurtasunaren inguruko sei salaketa jarri dituztela adierazi du ELAko arduradunak: “Aurrekoan, esaterako, lanetan egon ginen eta ikusi genuen makinak oso egoera txarrean daudela: kamioiek ez daukate ia freno likidorik eta Dumper makina bateko eserlekua egurrezko taula batekin dago eutsita, besteak beste. Horren argazki eta bideoak ditugu, eta Lan Ikuskaritzara bidali ditugu”.
Bestalde, lur mugimenduetan ere irregulartasunak daudela nabarmendu du San Josek: “Lanetatik ateratzen duten hondarrak Donostia guztia zeharkatzen du, eta 27 industrialdetik gora joaten da, zabortegira. Hondarra eramaten duten kamioiak gainezka joaten dira, ilegalki. Bere garaian, Ertzaintzak kamioiak gelditu zituen, eta denek gehienezko zamaren baino %30-%40 gehiago zeramaten. Hori salatu genuen, baina berdin jarraitzen dute”.
Pandemia heldu aurretik, ELAk bilera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Industria sailarekin eta ETSrekin, eta esan zieten lanak egiten ari den enpresa beraiekin bilduko zela, baina San Joseren arabera, “dirudienez, berdin jarraitzen dute, eta langileak nazkatuta daude”.