LABek egitarau berezia burutuko du Maiatzaren Lehen honetan
Balkoi eta sare sozialetan aldarrikapenak egiteaz gain, auto-karabana bat egingo dute goizean, Garberatik hasita. 19:45ean langileei txalo zaparrada egiteko deia egin dute.
LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenean bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat aldarrikatuko dutela adierazi du, “kapitalaren interesen gainetik” egongo den eredu bat, hain zuzen. Testuinguru berezi honetan, kaleak ezingo dituzte urtero bezala hartu, baina aldarrikapenak beste era batera egingo dituzte, Bizitza erdigunera, gure lanak mundua eraldatzen du lelopean.
Goizeko hamarrak inguruan, auto-karabana abiatu da Garberako gasolindegitik. Segurtasun neurriak bermatzeko, parte hartze mugatua izan du mobilizazioak. Bitartean, jendearen parte hartzea eskatu dute, “balkoietatik txalo eginez, kaletik bazaude ere txalo eginez, kartelak etxeetako leihoetan jarriz…”.
11:30ean, bestetik, streaming bidezko emisioaren hasiera emango diote. LAB sindikatuko sare sozialetik ikusgai egongo dira, eta Hokoke dokumentalaren emanaldia egingo dute. 12:30ean izango da ekitaldi nagusia, eta nazioartetik agurra eta LABen mezua eskainiko dituzte. Emisioa arratsaldera arte luzatuko da, egun osoko egitaraua osatuz : 16:30ean Hotel explotación dokumentala, 17:30ean zaintza lanen inguruko solasaldia, eta 18:30ean Shock Doktrina dokumentalaren emanaldia izango da.
Amaitzeko, 19:45ean “mundua eraldatu duten langileei” txaloak eskaintzeko deia egin du sindikatuak. Horrez gain, egun osoan zehar leiho eta balkoietan gehiengo sindikalak sustatutako ikurra jartzeko deia ere egin dute, ekimen bateratu moduan.