Larunbatetik aurrera paseoak eta kirol jarduerak arautzeko neurriak zehaztu dituzte
Espainiako Osasun Ministerioak buletin ofizialean argitaratu du bihar larunbatetik aurrera paseoak eta kirol jarduerak arautuko dituen dekretua. Pedro Sanchezen gobernuak iragarritako neurriak zehaztu dituzte.
14 urtetik gorakoek 6:00etatik 10:00etara, eta 20:00etatik 23:00etara izango dute ateratzeko aukera, paseatzera eta baita kirola egitera ere. 70 urtetik gorakoek, berriz, 10:00ak eta 12:00ak bitartean, eta 19:00ak eta 20:00ak bitartean atera ahalko dira soilik. 14 urtetik beherakoek 12:00etatik 19:00ak arte atera ahal izango dute.
Etxeko bizikide batekin atera ahalko da kalera paseatzera, egunean behin bakarrik. Paseoak egiteko, etxetik kilometro bateko erradioan mugitu ahalko da. Mendekotasunen bat dutenak ohiko zaintzailearekin atera ahal izango dira, nahiz eta etxe berean ez bizi. Ezingo dira kalera atera COVID-19arekin gaixotuta daudenak, berrogeialdian daudenak, ez eta helduen egoitzetan daudenak. Kirola egitera edo paseatzera beste norbaitekin ateraz gero, bi metroko distantzia fisikoa utzi beharko da.
Kutsatzeak saihesteko, bi metroko distantzia beharko da kaleko beste pertsonekin. Jende asko pilatzen diren lekuak saihestu beharko dira, Jarduera fisikoa egunean behin egin ahal izango da, banaka. Ezingo da geldialdirik egin kirola egitean, eta norbera bizi den udalerriko mugen barruan ibili beharko da.
Erabilera publikoko edozein kale edo ingurunetan paseatu edo egin ahalko da kirola, baina ezingo da kirol instalazio itxietara sartu kirola egitera. Oinezkoei lehentasuna emateko agindua eman diete udalei eta tokiko erakundeei. Ondoren, bizikletei emango zaie lehentasuna. Autonomia erkidegoek ahalmena izango dute, zahar etxeei dagokienez, dekretu honetan zehaztutakoak beste modu batera arautzeko.