Lehen lerroan borrokan, krisia etsai
COVID-19ak ez du herritarren arteko bereizketarik egiten, denok dute kutsatzeko arriskua. Aldiz, birusaren kontrolerako ezarritako neurri politiko, sozial eta ekonomikoek nabarmen eragin dute gizarteko hainbat sektoretan, bereziki langileengan. 2020ko Maiatzaren Lehenak etxeetan isolatuta harrapatu ditu herritarrak, baina Langileen Nazioarteko Eguneko aldarrikapenak inoiz baino biziago daude.

Kalera atera, eta langileen eskubideen alde borrokatzeko eguna da gaur: Maiatzaren Lehena. Hala ere, aurten ez da manifestaziorik izango gure hirian; haizeak ez du banderarik mugituko, eta eztarriek ez dituzte bizitza duinen aldeko aldarrikapenak lau haizetara oihukatuko. Kalean ez behintzat. Erakundeek ezarritako konfinamendu neurrien ondorioz, ezingo da protestarik egin, baina langileen eskubideen aldeko aldarrikapenek ez dute etenik izango.
Aurten, herritarrek, leiho eta balkoietan altxa beharko dituzte ukabilak, baita sare sozialetan ere. Hala eskatu du euskal gehiengo sindikalak, larrialdi egoera izan arren, borroka «inoiz baino beharrezkoagoa delako». Hain zuzen, aurreko urteetan ez bezala, LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta Etxalde sindikatuek irudi komun bat sortu dute, eta langile klasea ikur koloretsu hori balkoietan eta leihoetan jartzera deitu dute. Keinu horrekin, «langileen indarra eta aldarrikapena ikustarazi» nahi dituzte. «Kapitalak marraztu nahi digun etorkizun beltzaren aurrean, bizitza erdigunean jarriz, etorkizun koloretsua marraztu nahi dugu», azaldu du Edurne Iriondok, ELA sindikatuko kideak. Herritarrei irudia inprimatzeko edo eskuz marrazteko proposamena egin diete.

Maiatzaren Leheneko aldarrikapenekin bat egiteko, balkoietan koloretako ikurra jartzeko dei egin du euskal gehiengo sindikalak. (Argazkia: Irati Salsamendi)
COVID-19 birusaren hedapenak herritarren bizitzetako arlo guztietan izan du eragina, baita lan esparruan ere. Martxoaren 15ean sartu zen indarrean Espainiako Gobernuak dekretatutako konfinamendu neurria, eta langileen artean birusaren zabalpena saihesteko lantegietan hartutako lehen erabakietako bat izan zen telelana ezartzea. Horren ondotik etorri ziren oinarrizkoak ez ziren lanen etetea eta lanleku ugariren itxiera, besteak beste, jatetxeenak, saltokienak, hotelenak eta osasun arloko zentro eta kontsultenak.
Osasun krisi honek ekonomian izango duen eragina nabarmena da, eta pertsona batzuk hasi dira hori nabaritzen dagoeneko. Langileria ere hasi da krisiaren ondorioak pairatzen, izan birusaren aurkako lehen lerroan ari direlako, edo lubakian gelditu behar izan dutelako.
Kapitalismoaren krisia
Maiatzaren Lehenaren harira, sindikatuek eta herri mugimenduek langileen eskubideen eta bizitza duinen aldeko aldarrikapenak zabaldu dituzte, baita koronabirusak eragindako testuingurura ekarri ere. Era berean, eskubide horien defentsa borroka baten jarraipen gisa irudikatu dute, azken hilabeteetan Euskal Herriko kaleetan izandako mobilizazioen jarraipen gisa, hain zuzen. 2020ko Maiatzaren Lehenean, joan den urtarrilaren 30ean Lan, pentsio eta bizitza duinak lelopean egindako greba orokorreko, zein martxoaren 8ko planteamendu politikoei jarraipena eman diete, eta ideia bat nabarmendu dute: krisia ez du koronabirusak sortu, arazoaren funtsa sistema kapitalistan dago.
Haien ustez, COVID-19ak eragindako krisia aurretik hartutako erabaki politikoen ondorio da, eta herritarren bizitzak erdigunean jarriko dituzten neurri eta politikak exijitu dizkiete erakundeei. Honela azaldu du Iker Beristainek, LAB sindikatuaren Donostiako idazkariak: «Krisia ez da birusaren ondorioa, lehenagotik zetorren, eta alarma egoeran hartutako neurriek are eta ikusgarriagoa egin dute gehiengoaren kontra eta gutxiengo baten aldeko logikan oinarritzen den sistemak ez duela funtzionatzen».
Sindikatuen moduan, hainbat eragile sozialek ere pandemiak gizartean eragindako ondorioen irakurketak plazaratu dituzte, baita eraldaketa eta kudeaketarako proposamenak aurkeztu ere. Esaterako, Euskal Herriko mugimendu feministak «zaintzen kolapsoari» heltzeko mahai tekniko-politiko bat osatu du. Bestalde, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak kanpaina bat abiatu du, koronabirusaren osteko eraldaketa soziala helmuga gisa hartuta; hain zuzen, eraldaketa sozialaren «hamar baldintzak» zeintzuk izan behar diren zehaztu dute dekalogo batean.
Askotariko ondorioak
Zurrunbilo honetan, lan egiteko modu berrietara moldatu behar izan dute langileek, eta askori modu negatiboan eragin diete aldaketa horiek. Honela adierazi du STEILAS sindikatuko Nagore Iturriozek: «Bereziki zaurgarriak diren eta prekarizatuen daudenei eragin die gehien egoera honek». Bide horretan, ELAko Edurne Iriondok azaldu du gaur egun behin behineko enpleguen tasa oso altua dela, eta krisiak «begi bistan» utzi duela enpleguaren kalitate eskasa. Donostian nabarmena izaten ari da hori, izan ere, hirian nagusi diren sektoreetan asko ikusten da joera hori: «Donostiak lan eta bizi baldintza oso prekarioak sustatzen dituen turismo eredua du, eta orain monolaborantza horren ondorio krudelenak ordaintzen ari gara», adierazi du Beristainek. Iriondok honakoa azaldu du: «Costa Vasca hotela obrengatik itxita zegoen, eta pandemiaren ondorioz eraikuntzan lanean ari ziren langileak etxera bidali zituzten egun batetik bestera, beraien gauzak jasotzeko aukerarik ere eman gabe».
Hainbat sektoretako enpresa askotan ABEEak (Aldi Baterako Erregulazio Espedientea) ezarri dituzte: «Kasu gehienetan soldata osagarriak negoziatzera uko egin diete enpresek, eta langile horiek soldataren %70 jasoko dute alarma egoerak irauten duen bitartean. Gogor salatu du Beristainek jokabide hori: «Enpresariek ez dituzte ABEEak osasun arrazoien arabera ezarri, enpresa komenigarritasunaren arabera baizik».
Bestalde, badira ondorio latzagoak jasan dituzten langileak, izan ere, ehunka pertsona izan dira euren lanpostuetatik kaleratuak; gainera, orain arte izandako kaleratzeez gain, etorkizunean izango den langabeziaren gorakadaz ohartarazi dute sindikatuek.
Lehen lerroan
Belartzako Mercadona supermerkatuko langilea da Tamara Galdin, eta bere ustez egunotan izaten ari diren eskubideen urraketak ez dira puntualak, ezta oraingo kontua ere: «Mercadonan, beste enpresa askotan bezala, askotan urratzen dira langileen eskubideak, pandemia izan ala ez». Elikagaiak eta lehen mailako beharrak asetzeko erabiltzen diren produktuak saltzen dituzten saltokiak dira zabalik mantendu dituztenetako batzuk, eta horietako langileak lehen lerroan ari dira lanean. Galdinek onartu du «gogorra» dela bizitzen ari direna, izan ere, jendearekin kontaktuan egon behar izateak segurtasun falta handia eragiten diela azaldu du: «Lanera joaten gara, eta etxera itzultzean geure buruak desinfektatzeko hartzen ditugun neurri guztiak gutxi direla iruditzen zaigu», kontatu du. «Mercadonara bezero pilo bat etortzen dira, eta oso zaila da jendearekin une oro segurtasun distantzia mantentzea; horrek antsietate handia eragiten du», gaineratu du.
Konfinamendu neurriak ezarri eta berehala hasi ziren Mercadonako langileen funtzionamendua aldatzen: lan ordutegi aldaketak, arduren banaketa desberdinak, supermerkatuaren irekiera eta itxiera ordutegien murrizketak, eta abar. Segurtasun neurriei dagokionez, Galdinek azaldu du aldea nabaritu dutela hasieratik ona: «Lehenengo bi edo hiru asteetan jardunaldi osoa igaro behar genuen eskularru pare berarekin, eta maskarak hiru egunetik behin bakarrik aldatzen genituen». Orain, aurpegiak estaltzeko pantailak, maskarak egunero aldatzeko aukera, betaurrekoak, eta eskuak garbitzeko gela dituzte, besteak beste.
Lan baldintzetan izaten ari diren ondorioez gain, bizi duten ziurgabetasunak ere egoera zail bilakatu duela aitortu du Galdinek. COVID-19ari aurre egiteko neurriek jarraitu bitartean, lehen lerroan jarraitu beharko dute supermerkatuetako langileek, baita Mercadonakoek ere. «Maiatzaren 4etik aurrera, ordutegi berria izango dugu: gure asteko ordu guztiak lau egunetan egin beharko ditugu, arrisku gutxiago izateko», esan du Galdinek.
Zaintza lanen beharra
Sektore batzuetan beste batzuetan baino eragin handiagoa izaten ari da osasun krisia, eta kaltetuenetako bat izan da, zalantzarik gabe, zaintzen esparrua. Honakoa adierazi du Iriondok: «COVID-19aren krisiak azaleratu ditu bizitzarako funtsezkoak diren lanak: zaintzak, osasuna, elikagaien ekoizpen eta banaketa, garbikuntza, eta abar. Orain arte, sektore horiek aitortza sozial eta ekonomiko baxua izan dutela uste du ELAkoak, eta, hori, arrazoi jakin batengatik dela uste du: «Emakumeak nagusi diren eremuak dira, ez da kasualitatea».
Eskolak ixtea izan zen koronabirusa ez zabaltzeko hartutako lehen erabakietako bat, eta, horren ondorioz, familiek umeen zaintza euren gain hartu behar izan dute egunean 24 orduz. Hezkuntza zentroak itxi arren, erakunde publikoek ez dituzte zaintza lan horietarako alternatibak eskaini, eta familia askok kontziliaziorako zailtasun handiak izan dituztela salatu dute hainbat eragile sozialek. «Hori ez da bidezkoa, ez koherentea, ezta bideragarria ere», kritikatu du Beristainek. STEILAS sindikatukoak, berriz, salatu du hezkuntza zentroetako ordezkoen kontratu asko eten egin zituela Hezkuntza Sailak, eta ondorioz, ordezko asko langabezian gelditu dira. Orain, ordezkagunea berriro martxan dela azaldu du, baina gehitu du ez direla lanpostu guztiak ordezkatuko.
Halaber, Iriondok zaharren egoitzetan lanean ari diren pertsonak ekarri ditu gogora, esaterako, Altzako Berra zaharren egoitzakoak, eta salatu du hainbat tokitan epaitegietara jo behar izan dutela segurtasun neurriak bermatu ahal izateko: «Berrako erabiltzaileen heriotza eta langile gaixotuen kopurua lazgarria izan da».
Sektore honetan, beste hainbatetan bezala, Maiatzaren Lehenean orain arteko aldarrikapenekin jarraituko dute. Aitziber Aranberri, esaterako, Ategorrietako Villa Sacramento zaharren egoitzako langilea da, eta 14 urte daramatza gerokultore lanetan. Konfinamendu neurriak ezarri aurretik, erresidentzietako langileek 243 egun zeramatzaten greban, euren lan baldintzen berrikuspena eskatzeko. «Zetorrena ikusi genuenean, koherentziaz eta erantzukizunez jokatuz, greba etetea erabaki genuen», adierazi du Villa Sacramentokoak. Grebaren aldarrikapenetako bat zen erresidentziatzako langile kopurua handitzea, izan ere, kalitatezko zerbitzua emateko «langile falta ikaragarria» zela salatzen zuten. «Zer esanik ez pandemia egoeran. Ahalik eta arreta egokiena emateko, bagenekien hor egon behar genuela, %100a ematen», onartu du Aranberrik. Bere ustez, egoera onek agerian utzi du pandemia aurreko euren aldarrikapenak «oso justuak» zirela: «Erakundeek eta patronalak kontrakoa esan arren, argi gelditu da arrazoi osoa dugula egiten ari garren borrokarekin». «Hau guztia amaitzean, greban jarraituko dugu», esan du, irmo.
Lan gehiago, betiko baldintzak
Villa Sacramenton koronabirusak izandako eragina erabatekoa izan dela azaldu du Aranberrik, eta lan egiteko modua erabat aldatu dela gehitu du. Alde batetik, martxo amaieratik egoiliar gehienak euren geletan daude bakartuta, eta horrek lana zaildu die langileei: «Lehen, gune komunetan egoten ziren egunaren zati handiena, eta taldearen zaintza egiten genuen. Orain, geletara banan-banan joan behar izaten dugu, lehen taldean egiten genuen zaintza hori egitera», azaldu du Aranberrik.
Gerokultorei bezala, egoitzako garbitzaileei ere lana zaildu zaiela kontatu du, kutsatzearen zabalkuntza saihesteko «garbiketa sakonagoa» egin behar dutelako. Hori guztia, lehengo denbora berean eta langile kopuru berarekin egin behar dutela salatu du. «Egoera zail honen aurretik ere langile falta bagenuen, orain, zer esanik ez. Gure adinekoek merezi duten zaintza duina ematen ari ez garela sentitzen genuen, eta orain areagotu egin zaigu sentimendu hori», esan du langileak, atsekabez.
Lan baldintzetan ondorioak izatearekin batera, esparru emozionalean ere eragina izaten ari da egoera hau erresidentzietako langileengan. Arrazoi nagusia da, Aranberriren ustez, «oso zaurgarriak» diren pertsonak artatzen dituztela: «Hasiera-hasieratik, beldurrez aritu gara lanean. Adinekoak kutsatzeko arrisku handia dago, eta horregatik kezkaturik egiten dugu lan. Horrek ikaragarrizko tentsioa eragiten digu», kritikatu du. Era berean, «frustrazioa» sentitzen dutela gehitu du, erabiltzaileen behar afektiboak betetzen ez direla ikusten dutelako. Adinekoek familiekin oso harreman gutxi dutela kontatu du; gainera, behar hori asebetetzen saiatu arren, langileentzat ere zaila da, euren arteko kontaktua ere «inoiz baino hotzagoa» delako, babes neurrien ondorioz.

Egiako Ametzagaña kaleko La Paz erresidentziako langileak egunero irteten dira kalera,
12:00etan, bizilagunak agurtzera; elkar txalotzen dute, elkartasun keinu gisa. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Alarma egoera dekretatu zenetik egunak pasa ahala, langileei emandako segurtasun baliabideak handitzen joan dira, baina hasieran, «oso eskasak» zirela azaldu du Aranbarrik: «Hasieran, eskularruak eta egoiliar bakoitza artatu ondoren eskuak garbitzea ziren genituen babes neurri bakarrak». Honakoa gaineratu du: «Egoiliarrak koronabirusak kutsatuta zituzten zentro batzuetan, zabor poltsekin eurek egindako babes materiala erabili behar izan dute, babes material homologatuaren falta zutelako».
Segurtasuna bermatu gabe
Erresidentzietan gertatu bezala, beste enpresa eta lan leku askotan segurtasun neurrien gabezia nabarmena izan da hasieratik. Esaterako, Gipuzkoako Correoseko LAB, ESK eta ELA sindikatuek koronabirusaren harira pairatzen ari ziren egoeraren berri eman zuten ohar batean, segurtasun falta salatzeko. Azaldutakoaren arabera, langileen babes eta segurtasunerako giltzarriak diren hainbat puntu ez ziren betetzen ari, esaterako, eskuak modu egokian desinfektatzeko baliabideen banaketa. Egoeraren aurrean, Egiako Tejeria kaleko banaketa unitatean, langileriaren zati batek banaketa ez egitea erabaki zuen orduan, «arduragatik eta norberaren eta herritarren osasunagatik». Zuzendaritzaren erantzuna langileak presionatzea izan zela salatu zuten, lanaldia betetzen ari ez zirela argudiatuta.

Ana Ruiperez, Correoseko langilea, babes materialarekin banaketak egiten. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Orain, egoera aldatu egin dela azaldu du Ana Ruiperez Correoseko langileak, izan ere, hainbat neurri hartu dituzte segurtasuna bermatzeko asmoz. «Orain txandaka egiten dugu lan: egun batean bai, bestean ez. Horrela, bulegoan segurtasun distantzia mantendu dezakegu», kontatu du Ruiperezek. Pertsonalean egin duten beste aldaketa bat da honakoa: 60 urtetik gorakoak eta patologiak dituzten langileak ez dira lanean ari une honetan.
Era berean, banaketak egiterako modua aldatu egin dute, bezeroekin ahalik eta kontaktu gutxien izateko: adibidez, orain ez dute sinadurarik eskatzen zerbait banatzerakoan, eta paketeak etxeetako igogailuen bidez helarazten dizkiete.
Ruiperezek onartu du modu horretan lan egiteak «beldur pixka bat» eragiten duela, eta kontatu du soilik ezagunek aitortu diotela bere lanak duen arriskua: «Banaketak egiten ditudan etxeren bateko bizilagunen batek animatu nau, baina orokorrean ez dut animorik jaso».
Iritzi berekoa da Aranberri: «Lehentasunezko jarduera egiten ari gara, baina azkenak gara. Gure lana ez dago aitortua». «Zaintza lana egiten dugun langileak gara, ia denak emakumeak. Orain arte bezala, bigarren mailako langiletzat jo gaituzte, industriako langileak ez bezala», kritikatu du. Halaber, Villa Sacramentoko gerokultoreak gogor salatu du erakunde publikoak abian jartzen dituzten pribatizazio politikak.
Bizitzak erdigunera
Galdinek, Aranberrik eta Ruiperezek, gainerako langileek bezala, ezingo dute gaur kalera atera euren eskubideen alde borrokatzeko. Hala ere, bizitzak erdigunean jartzeko aldarrikapenek lekua izango dute lehio eta balkoietan, baita sareetan ere. Sindikatuek koronabirusak eragindako krisiaren biharamun zail eta gogorra espero dute, eta horren aurrean, erakunde publikoak eta agintariak interpelatu dituzte, arduraz jokatzeko.
«Ez gaude prest logika neoliberalean sakonduko duten neurriak onartzeko, ezta lan eskubideen aurkako erasorik onartzeko ere», aldarrikatu du LABeko ordezkariak. «Gasteiz eta Iruñeako gobernuak eta Donostiako Udalari exijitzen diegu langileen eta gehiengo sozialaren aldeko neurriak hartzeko. Egungo eredu sozialak aldaketa sakonak behar ditu, eta tokian tokitik eraldatzen hasi behar dugula uste dugu», gehitu du.
Era berean, zerbitzu publikoen defentsa irmoa egin dute hiru sindikatuetakoek, eta begirada jarri dute azken urteetan izandako murrizketetan: «Oraindik ez ditugu konpondu 2009ko murrizketek eragindako ondorioak; horien gainean gehiago metatzen badira, jasangaitzak izango dira», salatu du Iturriozek. «Osasuna eta enplegua defendatzeko garaia da, baita austeritate politikak bertan behera utzi, eta arlo publikoa indartzekoa ere», adierazi du Iriondok.