M1 plataformak langileriaren antolakuntzaren eta borroka kontzientearen beharra azpimarratu du
M1 Langileontzat plataformak Langileriaren nazioarteko egunaren harira oharra idatzi du. Koronabirusaren krisiaren inguruan hausnarketa egin dute, eta adierazi dute “goi burgesiak osasun krisia baliatuz abiatutako ofentsiba baten erdian” gaudela, hartutako neurriek burgesiaren interes ekonomiko eta politikoei erantzuten baitiote: “osasun krisi honen ondoren, hamarkadetako krisi ekonomiko gogorrena datorrela aurreikusten da. Horri begira abiatu du burgesiak ofentsiba, krisi kapitalistatik indartuta ateratzeko, eta bere boterea bermatuko dion langileriaren gaineko dominazioa betikotzeko”.
Osasun krisiak kaleen militarizazioa eta askatasun politikoen deuseztapena justifikatzen ez duela uste dute, eta langileak beren lanpostuetara segurtasun neurririk gabe bidaltzea kritikatu dute. Langileria krisiaren atarian bizitzen ari den egoera txarra aipatu dute, batez ere egoera zaurgarrienean dauden sektoreen egoera. Etxean biolentzia matxista jasaten dutenen kasua aipatu dute.
Salbuespen egoerak burgesiaren ofentsiba horri aurre egiteko tresna kendu diotela salatu dute, “etxeetan konfinatuta gauden eta gure askatasun politikoak ukatu dizkiguten momentutik”. Egoera honen aurrean langileriaren erabateko sumisioa eta hori aldatzeko beharra argi geratu da, M1en ustez. Bestalde, behar hori aldarrikatzea nahikoa ez dela diote, eta langile boterea eraikitzearen garrantzia argi utzi nahi izan dute: “Borrokarako aldarri abstraktuak ez dira burgesiaren dominazioari eta honek eragiten duen miseriari aurre egiteko gai. Langileok botere burgesari aurre egiteko gai den langile boterea eraiki ezean, betirako geldituko gara aldarri hutsetan, eta beti egongo gara botere burgesaren menpe”.
Leiho eta balkoietatik haserrea edo aldarrikapenak erakustea nahikoa ez dela uste dute, langileen baldintzak aldatzen ez badira: “Langileriaren alde egitea ez da osasun langileei edo supermerkatuetako langileei txalo egitea, langile horiek jasaten dituzten baldintza, zein egoerak salatu, eta horiek gainditu ahal izateko tresnak sortzeko antolatzea baizik”. Ez dugu heroirik nahi, horrek, heroi horiek lan baldintza penagarrietan lan egitea suposatzen badu”.
Sistema errotik aldatu ezean, batzuek aipatzen dituzten krisiaren osteko paktu sozial horiek langileria zapaltzen jarraituko dutela diote: “Komunistok ez ditugu onartzen produkzio erlazioak aztertu gabe birbanaketa soilean oinarritutako paktuak; horiek, etengabe gure zapalkuntzaren jatorria ezkutatzen baitigute, jabeak eta menpekoak berdinak bagina bezala […]. Gure paktu soziala langileriaren batasuna da, eta batasun horrek burgesiaren dominazioaren aurkako borroka du ardatz”.
Euskal Herrian langile boterea eraikitzeko beharra ikusten dute, eta azken asteetan eragile ezberdinek egindako ekimenak eredu moduan aipatu dituzte: Unibertsitateko Indar Batasunak abiarazitako ikasle babes sareak, GKSren Ofentsiba Gelditu kanpainaren baitan sortutako aholkularitza juridikoak, langile kontrolpeko espazioen defentsa antolatuak, eta Ikasle Abertzaleakek ikas baldintzen defentsan egindako programa, hain zuzen. Azkenik, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza defendatu dute.
Oharra osorik:
“Aurtengo maiatzaren lehenean langileok ezin dugu Donostiako kaleetara langile boterea eraikitzeko aldarriarekin atera. Gaur, maiatzak 1, Langileriaren Nazioarteko Egunean, SARS-COV-2 birusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, gure etxeetan konfinatuta gelditu behar izan gara.
Goi burgesiak osasun krisia baliatuz abiatutako ofentsiba baten erdian gaude. Osasun irizpideek ez dute kaleen militarizazioa justifikatzen, ez eta askatasun politikoen deuseztapena ere. Osasun irizpideek ezin dute indar polizialek jendeari isunak jarri edo jipoitzeko duten inpunitatea azaldu. Langileak beren lanpostuetara segurtasun neurririk gabe bidaltzea osasun irizpideen aurkakoa da. Ezarri diguten konfinamendua osasun larrialdiari erantzuteko aukera bakar bezala saldu diguten arren, erabaki guzti hauek ez diote osasunari erantzuten, burgesiaren interes ekonomiko eta politikoei baizik. Izan ere, osasun krisi honen ondoren, hamarkadetako krisi ekonomiko gogorrena datorrela aurreikusten da. Horri begira abiatu du burgesiak ofentsiba, krisi kapitalistatik indartuta ateratzeko, eta bere boterea bermatuko dion langileriaren gaineko dominazioa betikotzeko.
Langileria oso bestelako egoeran dago krisi ekonomiko berri honen atarian. Langabezia, ezegonkortasun ekonomikoa, etxebizitza ordaintzeko ezintasuna… gaur egun arazo hauek areagotzen ari dira, eta datozen urteetan okerrera egin dezakete. Zer esanik ez konfinamenduan langileriaren sektore zaurgarrienek, etxean biolentzia jasaten duten emakumeek adibidez, bizi duten muturreko egoera, hori gainditzeko gero eta zailtasun gehiagorekin. Horrez gain, salbuespen egoeraren eraginez, burgesiaren ofentsibak eragindako egoera horri aurre egiteko bitartekoak ukatu zaizkigu langileoi, etxeetan konfinatuta gauden eta gure askatasun politikoak ukatu dizkiguten momentutik.
Gutxienez bi gauza gelditu dira argi egoera honetan. Batetik, langileriaren erabateko sumisioa, eta bestetik horri aurre egiteko premia. Behar hori aldarrikatzea, halere, ez da nahikoa. Borrokarako aldarri abstraktuak ez dira burgesiaren dominazioari eta honek eragiten duen miseriari aurre egiteko gai. Langileok botere burgesari aurre egiteko gai den langile boterea eraiki ezean, betirako geldituko gara aldarri hutsetan, eta beti egongo gara botere burgesaren menpe.
Horregatik, langileriarentzat ez da nahikoa leiho zein balkoietatik bere haserrea edo aldarrikapenak erakustea. Langileriaren alde egitea ez da osasun langileei edo supermerkatuetako langileei txalo egitea, langile horiek jasaten dituzten baldintza, zein egoerak salatu, eta horiek gainditu ahal izateko tresnak sortzeko antolatzea baizik. Ez dugu heroirik nahi, horrek, heroi horiek lan baldintza penagarrietan lan egitea suposatzen badu.
Datorren krisi kapitalistaren atarian, langileon eta burgesen arteko “paktu sozial” berri baten aldeko ahots batzuk entzun dira jada. Komunistok ez ditugu onartzen produkzio erlazioak aztertu gabe birbanaketa soilean oinarritutako paktuak; horiek, etengabe gure zapalkuntzaren jatorria ezkutatzen baitigute, jabeak eta menpekoak berdinak bagina bezala. Bi aldeetan aurpegia daukan txanpona aireratzea eskaintzen digu burgesiak, eta hori onartzea da gure gurutzea. Bidegurutze honetan, baina, jada ez dago erdibiderako aukerarik. Gure paktu soziala langileriaren batasuna da, eta batasun horrek burgesiaren dominazioaren aurkako borroka du ardatz.
Euskal Herrian langile boterearen eraikuntzaren beharra indartzen ari da, eta bizi dugun testuinguruan behar horretan berresten gara. Azken hilabeteetan langile antolakuntzan eman diren aurrerapen ezberdinak azpimarratu nahi ditugu, proletalgoaren bizi baldintzen problematikari erantzuten diotenak, hain zuzen ere. Unibertsitateko Indar Batasunak abiarazitako ikasle babes sareak, GKSren Ofentsiba Gelditu kanpainaren baitan sortutako aholkularitza juridikoak, langile kontrolpeko espazioen defentsa antolatuak edota Ikasle Abertzaleakek ikas baldintzen defentsan egindako programak klase batasuna oinarri duen antolakuntza ereduari erantzuten diote. Klase batasunean oinarritutako analisi eta jardun horiek langileriaren tresna politikoak dira, datorren borroka fasean burgesiari aurre egingo dion benetako indar bat artikulatzera begira egituratutakoak.
Krisi honen baitan, agerian geratu da Europar Batasuneko estatuek merkatuen menpe jokatu dutela uneoro, goi burgesiaren
interes ekonomikoen defentsan, erabaki horien bitartekari moduan. Botere horiei aurre egin gabe, ez dago erabakitzeko eskubiderik, ez eta soberania posiblerik. Euskal Herri aske bat nahi badugu, bere aukera ukatzen duen botere ekonomikoari kontrajarria zaion langile botere batek eraikiko du, soilik langile botere antolatua izango baita autodeterminazio politikoa gauzatzeko gai. Horregatik, bizi ditugun zapalkuntzak gainditzera bidean, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza defendatzen dugu.Langileriaren Nazioarteko Egunean, ozen aldarrikatu nahi dugu langileriaren antolakuntzaren eta borroka kontzientearen beharra datozen garai gogorretan. Datorren krisi kapitalistaren aurrean, bi aukera besterik ez daude: borroka, ala sumisioa. Langileon antolakuntza independentea, ala etsaiaren jokuan galtzea.
Sozialismoa, ala basakeria.“
Bideo bat ere eskegi dute, sare sozialetan partekatzeko: