Maiatzaren Lehena balkoietan eta sare sozialetan izan da aurten
Ezberdina izan da aurtengo Maiatzaren Lehena. Bai munduan zehar, bai Euskal Herri mailan, eta baita Donostian ere. Koronabirusak etxean egotera behartu gaitu, eta kaleak hartu ezinean, balkoiak eta sare sozialak hartu ditu jendeak, sindikatuek eta era askotako elkarteek.
Balkoi eta leihoetara atera dira asko. ELA sindikatua, esaterako. #BizitzaGara traola erabili dute jendearen argazkiak jasotzeko, eta bizitza erdigunean jartzea aldarrikatzeko. Balkoietan gehiengo sindikatuek erabilitako irudia ipini dute, eta jasotako argazkiekin galeria bat egin dute, sare sozialetan ere partekatzeaz gain. Besteak beste, Donostiako Osakidetzako langileak batu dira deialdira.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak egunaren balorazioa egin du bideo batean. Langile klasearen garrantzia, eta egoera honetan bereziki zerbitzu publikoen garrantzia agerian jarri dela azpimarratu du, besteak beste:
LABek, bestalde, leiho eta balkoiez gain kaleak hartu ditu Euskal Herriko puntu ezberdinetan, auto-karabana batekin. Solasaldiak eta dokumental proiekzioak egin dituzte streaming bidez, eta eguna amaitzeko, txalotu egin dituzte langileak balkoitik. Sindikatuko idazkari nagusia Garbiñe Aranburuk ere mezua bidali du. Langile harrotasuna aldarrikatzeko eguna izan dela aipatu du, eta agurtu egin du Kubako langileria:
Steilas eta ESK sindikatuek, streaming bidezko Bizitza ereiten konfinamenduan solasaldia antolatu dute. Han izan dira Virginia Enerbal, Helena Maleno, Unai Sainz, Jule Goikoetxea eta Maitane Arnoso:
Hiru garraiolarien sindikatuak ere deialdi bateratuarekin bat egin du sare sozialetan.
Garraiolariok ere #MaiatzarenLehena ean lan eta bizitza baldintza duinen alde! #garraioasalbatu behar dugulako! #BizitzaErdigunean
— hiru sindikatua (@hirusindikatua) May 1, 2020
Los transportistas luchando por condiciones de vida y trabajo dignas este #PrimeroDeMayo Porque tenemos que #salvareltransporte! #lavidaenelcentro pic.twitter.com/uabIoccx2g
M1 Langileontzat Donostiako plataformak, bestalde, langile boterea eraikitzearen garrantzia azpimarratu du. Balkoietatik egindako txaloak eta aldarrikapenak nahikoak ez direla aipatu dute, langile horiek jasaten dituzten baldintzak zein egoerak salatzen ez badira, eta horiek gainditzeko tresnak sortu ahal izateko langileak antolatzen ez badira.
CCOO eta UGT elkarrekin ospatu dute Maiatzaren Lehena. Lana eta zerbitzu publikoak, beharrezkoa da beste eredu sozial eta ekonomiko bat lelopean, eta irudi eta mezu aldarrikatzaileak sare sozialetara igotzeko deia egin dute, manifestazio birtuala egiteko #YoSoyPrimerodeMayo traolarekin.
Hiriko kaleak ohi baino hutsago egon diren arren, leku ezberdinetako balkoietan aldarrikapen ugari egon dira: sindikatu gehienek erabilitako irudiaz gain, banderak ere ikusi ahal izan dira, besteak beste.
Irudietan, Parte Zaharrean eta Antiguan aurkitutakoak, baita Donostiako ELAko batek argitaratutako argazkia ere. Bandera eta aldarrikapenez gain, aipatzekoa da Joseba Parron argazkilariak aurkitutako egoera: rider bat bidalketa bat egiten, Langilearen nazioarteko egunean.