Morlansko auzo elkarteak gas fabrika zaharreko langileak izan ditu gogoan
Konfinamenduaren 46. eguna da, eta baita ere Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna. Morlanstarrak auzo elkarteak gogoan izan du langileen borroka, eta euren sare sozialetan auzoko gas fabrika zaharraren irudi bat zabaldu dute, 1900. urtekoa. “Imaginatzen duzue nolakoa izango zen euren lanaldia? Argazki hau, haien omenez!”, idatzi dute.
Gas fabrika 1893an kokatu zuten Morlansen. Aurretik Amaran izan zen, San Bartolomen.
Maiatzaren Lehenaren jatorria ere azaldu dute Morlanskoek mezuan: “1886ko maiatzaren 1ean Chicagon sindikalari anarkista batzuk greba bat hasi zuten zortzi orduko lanaldia eskatzeko. Hiru egun pasa ondoren, grebaren une gorenean Haymarketeko matxinada piztu eta greba bukatzeko zortzi langile epaitu eta bost heriotza-zigorra jaso zuten”.