Ziztu bizian
Hartu patinetea. Atera txirringa. Jantzi patinak. Eman pilotari. Eraman baloia. Dantzatu soka. Paseatu panpina… Eta kalera, korrika. Hilabete baino gehiago etxean egon eta gero, kalea berriro zapaldu dute txikiek. Luze joan zaie denbora. Geldo minutuak. Baina iritsi da, azkenean, eguna. Aurkitu duten kalea ez da, ordea, gogoratzen zuten modukoa. Oraindik ere balkoietan dauden familia kideak agurtu egin dituzte. Aspaldi egon gabeko lagunak ikusi… Ezin, baina, besarkatu. Ezin elkarrekin jolastu. Oraindik ez. Ziztu bizian joan badoaz umeak, patinetean, korrika, bizikletan… Mantsoago doa, ordea, normaltasunerako itzulera. Eta hala behar du. Ibilitako bidean atzera egingo ez bada.