Egiako tronpetariari omenaldia egin diote, balkoitik eskainitako azken emanaldian
Konfinamendua hasi zenetik, gauero, 20:00etako txalo zaparradaren ostean Erlantz Fernandez (Donostia, 1978) bere tronpeta hartu eta auzotarren berrogeialdia musikarekin arintzen aritu da Egia kaleko balkoi batetik. Atzo eskaini zuen bere azken emanaldia, hilabete eta erdi inguru ondoren.
Bizilagunek omenaldi batekin eskertu zioten tronpetariari auzoa girotu izana garai gogor hauetan. Kantuz lagundu zioten Fernandezi azken arratsalde honetan. Txaloak eta kantua ez ezik, bizilagunen artean dirua bildu zuten, lore sorta bat eta ardo botila batzuk oparitzeko. Sobratutako dirua ere gutun batean sartu zioten, eta gutunean, esker hitzak idatzi zizkioten bizilagunek: “Mila esker Erlantz! Egun gogor eta latz hauetan zure tronpeta doinuekin bihotza goxatu eta auzoa egiten lagundu diguzulako”. Dena saski batean sartu zuten, eta soka batekin jaitsi zioten bere balkoiera.
Hunkituta jaso zuen Fernandezek bizilagunen keinua, ez baizuen espero honelako harrerarik: “Konfinamendu osoan zehar oso gertu sentitu dut auzoa, baina atzokoa benetan hunkigarria izan zen. Ez nuen espero horrelako omenaldi bat”. Garbi zeukan festa giroan ospatu nahi zuela atzoko eguna, auzokideek ia bi hilabete hauetan emandako berotasuna eskertzeko.
Egun hauetako emanaldietan kontzertu handietan bezainbesteko urduritasuna sentitu duela aitortu du, jendearentzat berezia zelako eta emozio asko nahasten zirelako balkoietan. Gainera, atzo balkoietan eta kaleetan inoiz baino jende gehiago zegoela esan du. Emanaldiak eteteko momentu aproposena iruditu zitzaion atzoko eguna, konfinamendua leuntzeko neurriekin jendeak kalera ateratzeko aukera izango duelako. Gainera, aitortzen du ez dela erraza egunero kontzertu hauek prestatzea: “Egunero hiru edo lau abesti berri ateratzea ez da erraza, eta egia esan, nekea somatzen hasita nengoen. Guztioi bezala luzea egin zait konfinamendua”.
Egiako auzo giroa goraipatu du: “Nahiz eta auzoan denbora gutxi daramagun , lehen aldia da auzo giroa zer den sentitu duguna. Pandemia honek ekarri duen alderdi onenetariko bat zalantzarik gabe, auzkideen elkartasuna sentitzeko aukera izan da. Ez dakit nola eskertu guztiei egun hauetan bizitakoa. Gora Egia eta Gora Egiatarrak!!!”
Hainbat abesti jo zituen azken kontzertu honetan. Besteak beste, Maite zaitut edo Ikusi mendizaleak, baita Batasuna, Bella Ciao eta Internazionala, Maiatzaren Lehenarekin bat eginez. Auzotarrek omenaldiaren bideo bat partekatu dute: