Kaleak eta hondartzak berriro zapaldu dituzte donostiarrek, hilabete baino gehiagoren ostean
Hilabete baino gehiagoz etxean konfinatuta egon ostean, Donostiako herritarrek gaur goizean goiz atera ahal izan dute berriro ere hiriko kaleetara. 14 urtetik gorako donostiarrak izan dira lehenak, 6:00etatik 10:00ak arte egon ahal izan dira, paseoan eta kirola egiten, eta gaur berriro egiteko aukera izango dute, 20:00etatik 23:00etara.
Bestalde, 70 urtetik gorakoak eta mendekotasunen bat dutenak 10:00etatik 12:00etara atera dira. 19:00etatik 20:00ak arte atera ahal izango dira berriro ere.
Goiztiarrenak korrikalariak eta surflariak izan dira. Leku batzuetan distantzia mantentzea zaila izan den arren, kontu handiz atera da jendea kalera, eta gehiengoak haien ordutegiak mantendu dituztela ikusi da.
Aurreikusi litekeen moduan, askok Ondarretako eta Kontxako ondartza aukeratu dituzte kalea berriro hartzeko aitzakiatzat. Eguraldi onak lagundu egin die goizean atera direnei. Paseatzeko, korrika egiteko, eta baita uretako kirolak egiteko ere aprobetxatu dute aspaldian ikusi gabeko hondartza.
Irudietan, Ondarretan, Kontxan eta inguruan gaur goizean aurkitutakoak.