Niña Coyote eta Chico Tornado arituko dira hurrengo Doka T'artean
Niña Coyote eta Chico Tornado izango dira Doka T’artea saioaren hirugarren gonbidatuak. Doka Kafe Antzokiak eta Hamaika Telebistak konfinamendu garaia arintzeko elkarlanean egindako saioak dagoeneko kontzertu akustiko bat eta bertso saio bat antolatu ditu. Oraingo honetan rocka eta stonerra izango dira protagonistak, bikote donostiarraren eskutik. Hurrengo ostiralean, maiatzaren 8an, 20:05ean izango da emanaldia.
Zuzeneko online seinalearen bidez eta Hamaikan ikusteko aukera izango da, Dokaren Youtube kanalean, Hamaika Telebistaren webguneen zuzeneko seinalean, baita Facebook Live eta Instagram kontuen bidez ere. Bizum bitartez ekarpenak luzatzeko aukera izango da. Azaldu dutenez, ateratako etekin guztia musikarientzat bideratuko da.
Taldea Aitzstar diskoaren aurkezpen bira amaitzekotan zegoen, koronabirusaren krisia baino lehen. Urriaren 17an, Dabadaba aretoan aurreikusita dute azken kontzertua.