43 espezie desberdin behatu ziren Donostiako leihotatik Aranzadik antolatutako Bioblitzean
Bioblitz baten helburua da denbora tarte eta eremu zehatz batean ahalik eta espezie gehien behatzea. Apirilaren 26an, Aranzadi Zientzia Elkarteak #EtxeanGeratukoNaiz Bioblitzaren bigarren edizioa antolatu zuen, 8:00tatik 20:00tara, Euskadi mailan eta Ornitho Euskadi webgunean erregistratutako datuak partekatu ditu dagoeneko.
Guztira 22 udalerritan egon ziren behaketak, eta Donostia izan zen behaketa gehien izan zituen udalerria. 113 espezie desberdin behatu ziren hirian eta, Aranzadiren datuen arabera, horietatik 100 ziur etxetik antzemandakoak izan zirela. Denak hegaztiak izan ziren eta 43 espezie desberdin antzeman ziren.
Etxetik behatu ziren hegaztien datuak hartuta, etxe-txolarea izan zen gehien antzemandakoa (7 aipamen), buztangorri iluna (6 aipamen), txantxangorria (5 aipamen), zozo arrunta (5 aipamen), txorro arrunta (5 aipamen), pagausoa (5 aipamen) eta kaio hankahoriarekin (5 aipamen) batera.
Euskadi osoan, guztira, 941 aipamen jaso ziren, horietatik 569 #EtxeanGeratukoNaiz proiektuari lotuta. Azken honetan, 98 espezie desberdin antzeman ziren. Jarraian jasotzen den irudi galerian, egitasmoaren baitan Euskadi osoan ateratako hainbat argazki jaso ditugu. Espezieak, hurrenez hurren: lehenengo zutabean, kurlinta bekainduna, txantxangorria, urubia eta kukua; bigarren zutabean, sasi txori arrunta, arrano txikia eta kaio hankahoria; hirugarren zutabean. miru gorria, usapal turkiarra eta etxe-txolarrea; eta laugarren zutabean, artzandobi arrunta, lertxun hauskara, gailupa eta txepetxa.