"Betiko bezero askorekin telefonoz izan dut kontaktua egunotan"
Ana Ibazeta (Erdialdea, 1967) ile apaintzailea da, hain zuzen, Egiako Karmengo Andre Maria kaleko Que pelos! ile-apaindegiko jabea da. COVID-19aren pandemiaren ondorioz, bere jarduna eten behar izan zuen martxoaren 14an, eta gaur hartu ditu lehen bezeroak bere lokalean.
Nola igaro dituzu konfinamenduko egunak? Lan egiteko aukerarik izan duzu?
Gainerakoak bezala, etxetik atera gabe egon naiz, ahal bezala egoera eramaten. Martxoaren 14a izan zen konfinamenduaren aurretik lan egin nuen azken eguna, eta ordutik ez dut lanik egin. Hasieran ile-apaindegiak irekitzeko aukera genuela esan zuten, baina sekulako iskanbila eragin zuen horrek, eta azkenean ezezkoa izan zen.
Ile apaindegian ezin izan dut bezerorik hartu, baina pare bati laguntza eman behar izan diet. Horietako batek, adibidez, sorbalda hautsi zuen, eta ezin zuen bere burua garbitu. Ospitaletik jaitsi zenean deitu egin ninduen, laguntza eskatzeko, eta orduan, Eusko Jaurlaritzara deitu nuen egoeraren berri emateko, eta baimena eskatzeko.
Gainera, betiko bezero askorekin telefonoz izan dut kontaktua egunotan. Askok eskatu didate informazioa, gehienbat ilea tindatzeko. Mugitzeko baimena nuenez, batzuei nik prestatu diet tindagaia, eta etxeko sarreran utzi diet, eurek euren buruari jartzeko. Hala ere, baten batek deskalabruren bat edo beste egin dio bere buruari egunotan [barrez].
Gaur berriro itzuli zara lanera. Neurri bereziak hartu behar izan dituzu?
Eskatzen dituzten neurri asko nik lehenago ere hartzen nituen, esaterako, guraizeak garbitzea. Neurri logikoak direla uste dut. Koronabirusaren gaia entzuten hasi zenean, gainera, nik neurri zorrotzagoak hartu nituen: martxoaren 1ean hasi nintzen erabili eta botatzeko kapa eta eskuoihalak erabiltzen. Orain, nik hartutakoez gain, bezeroek ere neurri bereziak hartu behar dituzte, esaterako, maskararekin etorri behar dira. Gainera, ozono makina bat utzi didate, lokala desinfektatzeko.
Nik uste dut segurtasun neurri egokiekin lan egiten badugu, ez dela arazorik egon behar. Neurri horiek, gainera, ez dute zentzurik bakarrik COVID-19aren kasuan bakarrik. Azaroan bezeroren bat katarroarekin etortzen bada, zer egin behar dut, ez diot ilea moztu behar?
Sektoreko beste kide askok ezin izan dute lanera itzuli, beharrezkoa den materiala agortuta dagoelako. Nik joan den astean kapa eta eskuoihal gehiago eskatu nituen, eta esan didate ohi baino denbora gehiago beharko dutela iristeko.
Bezero askok eskatu dute ordua? Nola espero dituzu datozen egunak?
Ordua hartuta zuten bezeroen ordena mantendu dut, eta askok ile apaindegia itxita izan dudan bitartean ere deitu didate ordua eskatzeko, irekitzen nuenerako. Bezero asko ditut itxaron zerrendan, eta datozen egunetan uste dut 8:00etatik 20:00etara egon beharko dudala lokalean. Gaur izan ditudan bezero gehienek ilea tindatzeko hartu dute ordua.
Esan bezala, nik uste dut lan asko izango dudala. Ikusita azken egunetako dei kopurua, igandeetan ere lan egin beharko dudala iruditzen zait!
Nola eragingo die honek guztiak komertzio txikiei?
Diru kontuei dagokionez, hainbat zergaren ordainketa atzeratu egin dizkigute, baina argi dago ez digutela ezer barkatuko. Bezeroek presa handia dute gure zerbitzuak kontsumitzeko, baina, era berean, oso ulerkorrak izaten ari dira gure egoerarekin. Hori bai, eskariari behar bezala erantzuteko, lehen baino lan gehiago egin beharko dugu. Gainera, nik ez dut baztertzen atzeraldi bat gertatzeko aukera.