Dbuseko autobusetara igotzeko derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea
Espainiako Gobernuak agindutakoaren arabera, derrigorrezkoa da garraio publikoan maskarak erabiltzea, eta horregatik, Dbuseko erabiltzaileek maskara erabili beharko dute autobusera sartu ahal izateko: “Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da ibilbide osoan eta erabiltzailearen erantzukizuna izango da betebehar hori errespetatzea”, azaldu dute Dbusekoek.
Era berean, azaldu dute duela zenbait aste bezala, maskara banaketa bat egiten ari direla Babes Zibileko langileak. Osasun Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak koordinatutako banaketa da, eta eskaera gehien duten autobus geltokietan egiten ari dira; dauden guztiak agortu arte banatuko dituzte maskarak.
Edukiera handiagoa
COVID-19aren aurreko neurriak aldatu ahala, Dbus ere horietara moldatzen ari da bere zerbitzua. Hori dela eta, bihartik aurrera, handitu egingo dituzte Dbusen autobusen edukierak. Horrela, hemendik aurrera erabili ezin diren jarlekuak baino ez dituzte adieraziko. Honakoa gomendioak ere zabaldu ditu Dbusek: “Erabiltzaileen erantzukizuna izango da argibide horiek errespetatzea, bai eta erabiltzaileen artean ahalik eta tarterik handiena gordetzea ere. Gogoan izan ezin dela taldean bidaiarik egin autobusean”. Honakoak izango dira autobusen edukiera berriak:
- 12 metroko autobusak: 36 pertsona.
- 18 metroko autobusak: 57 pertsona.
- 10 metroko autobusak: 25 pertsona.
- Mikrobusak: 14 pertsona.
TB6 Uliako Taxibusean, aldiz, erreserba eta zerbitzu bakoitzean soilik bi pertsonak bidaiatu ahal izango dute; neurri horrek ez die eragingo desgaitasunen bat duten pertsonei, adingabeei, adinekoak laguntzen dituzten pertsonei, eta justifikatutako beste arrazoiren bat duten pertsonei.