Internet bidez egingo dute San Telmo Museoko Europar Elkarrizketak zikloa
Urteroko legez, Europaren Eguna ospatuko da maiatzaren 9an, Robert Schuman politikari franko-alemaniarraren 1950eko hitzaldia gogoratzeko. Frantziako Atzerri ministroa zen orduan Schuman, eta Bigarren Mundu Gerraren kalteak gainditzeko beharrezkoa zen Europako proiektu baten oinarriak jarri zituen. Horregatik, Europar Elkarrizketak zikloa egiten dute urtero San Telmo Museoak eta Globernance erakundeak, hainbat adituren eskutik Europak dituen erronkak errepasatzeko.
Aurten, koronabirusa dela eta, Internet bidez egingo dute zikloa, hiru saiotan: maiatzaren 7an, 14an eta 21ean. Hiruak 18:00etan izango dira, gaztelaniaz, eta Zoom plataformaren bitartez. Jendearen parte-hartzea ahalbidetuko du zikloak, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute, helbide honetan. Era berean, parte hartu gabe saioak ikusi nahi dituztenek, museoaren Youtubeko kanalean, webgunean edo Globernanceren webgunean jarraitu ahal izango dituzte, zuzenean.
La Europa de la gente izango da lehenengo saioa, eta Alberto Alemanno Jean Monnet Komunitate Zuzenbideko katedraduna eta Daniel Innerarity filosofia politikoko katedradun eta Globernanceko zuzendaria koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak Europako Batasunean izango dituen ondorioen inguruan arituko dira.
Bigarrena, La Europa de la ciencia izango da, eta zientziak Europan duen eta izango duen garrantziaren inguruan arituko dira Cristina Garmendia biologia molekularrean doktorea, Mikel Mancisidor nazioarteko harremanetan doktorea eta Juanjo Alvarez EHUko nazioarteko zuzenbide pribatuko katedraduna.
Azkenik, hirugarren saioa La Europa de las mujeres izango da, eta Europako emakumeen eta mugimendu feministaren egoera aztertuko dute Maria Eugenia Rodriguez Palop legelari espainiarrak, Maria Silvestre soziologian eta zientzia politikoetan katedradunak eta Daniel Innerarity filosofia politikoko katedradun eta Globernanceko zuzendariak.