Kopako finala ateak irekita jokatu nahi dute Realak eta Athleticek
Jokin Aperribai Realeko presidenteak eta Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak Kopako finala ateak irekita jokatzeko erabakia hartu dute, eta hala adierazi diote Luis Rubialesi, Espainiako Futbol Federazioko presidenteari. “Publikoki eta ofizialki, ateak irekita eta hiru aldeek adostutako data zehatz batean” jokatu nahi dute bi talde finalistek, ahal denean. Izan ere, Realaren arabera, “bi kluben nahia eta borondatea beti izan da, orain eta lehen, finala gure zaleen aurrean jokatzea”.
Bestalde, finalaren eta tituluaren ofizialtasuna bermatzeko eskatu diote bi taldeek Espainiako Federazioari, horretarako, Federazioaren Batzar Nagusiaren Batzorde Delegatuak –hurrengo bilera ostiralean, hilaren 8an, egingo dute– egutegia aldatuz.
Horrela, “futbolean mundu mailan egin daitekeen kirol ekitaldirik entzutetsu eta tradiziodunenetako bat balioetsi” nahi dute Realak eta Athleticek, “kirol zoragarri honen benetako funtsa eta izateko arrazoia diren bere jarraitzaile, abonatu eta bazkideekin batera”.
Europako txapelketak
Espainiako Kopako finalaren irabazleak, tituluaz gain, Europa League txapelketarako postu bat irabazten du. Joan den astean, ordea, UEFAk Espainiako Federazioari esan zion finala, asko jota, abuztuaren 3an jokatu behar dela, ateak irekita edo itxita izan. Beranduago jokatuz gero, UEFAren arabera, Europako txapelketako postua galduko luke irabazleak, eta Ligako zazpigarren sailkatuak hartuko luke postu hori –lehenengo lauek Champions Leaguea jokatzen dute eta bosgarrenak eta seigarrenak, Europa Leaguea–.