Tabakalerako erakusketa aretoa eta Ubik liburutegia ekainaren 1etik aurrera irekiko dituzte
Ekainaren 1etik aurrera hasiko dira Tabakalera “pixkanaka” irekitzen. Edukiera murriztua izango da hasieran, “agintariek koronabirusaren aurrean ezarritako arreta neurriak betez”. Irekitzen lehenak erakusketa aretoa eta Ubik liburutegia izango dira, eta hauek ere modu mailakatuan irekiko dituzte, Ekainetik aurrera aurrez aurreko eta sareko ekimenak izango dituen egitaraua eskainiko dela aditzera eman dute, Tabakaleran eta Tabakalera Etxean webgunean.
Hilabete baino gehiagoz egon da itxita Tabakalera Kultura Garaikideko nazioarteko zentroa, COVID-19aren krisiaren ondorioz. Ekainetik aurrera irekiera “mailakatua eta mugatua” izango da, espazioei eta jende kopuruari dagokionez. Eraikinaren gainerako sarbidea aldi baterako mugatuta egongo da, hartu beharreko neurriengatik eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Jarduera guztietan edukiera heren batera mugatzearen neurria errespetatuko dela adierazi dute, eta aurrerago handitzen joango dela neurriekin batera.