10.000 kontsultatik gora izan dira ostalari eta merkatari txikiak laguntzeko plan ekonomikoan
Koronabirusaren krisiaren aurrean, Donostiako Udalak hiriko merkatari eta ostalari txikiak laguntzeko plan ekonomiko bat aurkeztu zuen apirilaren 21ean. 2,6 milioi euroko aurrekontua du planak, diruaren zati handi bat diru-laguntzak eskatzen dituzten saltoki txikiei eta ostalaritza establezimenduei emango dietelarik.
Eskaerak egiteko epea astelehenean bukatu zen, eta eskaera kopuru zehatza oraindik jakinarazi ez badute ere, joan den astean 10.000 kontsulta egon zirela azaldu zuen asteartean Eneko Goia alkateak. Haren esanetan, kontsulta kopuru horrek agerian utzi du “horrelako diru-laguntzen beharra”, eta gainontzeko erakundeek ere antzeko planak garatu beharko lituzketela deritzo: “Udalak bere ekarpena egin du, baina bakarrik ezin du, erakunde gehiago behar ditu”.