Hondakin organikoentzako edukiontziak jarri dituzte Igeldon
Igeldoko bizilagunek, nahi izanez gero, hondakinak atalka banatu ahal izango dituzte, Donostiako Udalak organikoarentzako lau edukiontzi jarri baititu han. Joan den asteko ostegunean, apirilaren 30ean, jarri zituzten edukiontzi berriak, Iturrietan, Kaxkoan, Buena Vistan eta Leku Ederren, hain justu.
Edukiontziak erabili ahal izateko, txartela eskatu beharra dago, 010 edo 943-48 10 00 telefonoetara deituta. Txartela etxean jasoko dute hala eskatzen duten herritarrek, eta zaborra poltsa konpostagarrietan bota behar da edukiontzietara. Poltsa horiek, normalean, udalak banatzen ditu, kiroldegi eta kultur etxeetan dauden makinen bidez. Koronabirusa dela eta, ordea, gune horiek itxita daude, eta udala ez da poltsak banatzen ari. Krisia pasa arte, udalak gomendatu du herritarren poltsak euren kabuz eskuratzeko, supermerkatuetan erosita, esaterako.