Ostalaritza establezimenduetako terrazak ez handitzeko eskatu dute hainbat auzo elkartek
Donostiako ostalari askok hala eskatuta, konfinamendua arintzeko faseetan terrazak handitzeko hainbat aukera aztertzen ari da udala, eta horrekin kezkatuta azaldu dira Bizilagunekin plataforma, Bera Berako komunitateen elkargoa, eta Egia Bizirik, Hondarpe (Gros), Izbe (Intxaurrondo), Parte Zaharrean Bizi, Lantxabe (Aiete), Harripe (Herrera-Altza), Amara Berri eta Uliako auzo elkarteak.
Adierazpenaren sinatzaileek azaldu dute “hedabideen bitartez” jakin dutela “ostalaritzako presio taldeak” terrazen espazioa handitzea, ordutegia luzatzea eta ordenantzak malgutzea eskatzen ari direla: “Osasun arrazoiak direla medio aforoak murriztuko direnez, terrazak handitu nahi dituzte; metro koadro gehiago nahi dituzte. Espazio publikoa abandonatuta balego bezala, erabilerarik gabeko espazio bat balitz bezala, norbaitek kolonizatu eta bere mahaiak hantxe jarri zain balego bezala”.
Espazio publikoa “guztion espazioa” dela nabarmendu dute sinatzaileek, baita gizarte harremanak egiteko eta komunitatearen edo auzoaren parte sentitzeko “eskubide kolektibo ezinbetekoa” dela ere. Horregatik, terrazen tamaina bezeroen arteko segurtasun distantziak betetzeko handitzeko eskatzea “arduragabekeria galanta” dela azpimarratu dute, terrazak handitzeak kaleetan dabiltzan pertsonen osasuna eta segurtasuna bermatzeko eragozpenak sortuko dituelako.
Era berean, gogoratu dute establezimenduen barruan ezarri duten pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun distantzia terrazetan ere mantendu behar dela, baita atarien eta terrazen artean distantzia hori mantendu behar dela ere, bizilagunak segurtasunez atera eta sartu ahal izateko. Gaur egun, terrazen araudiak gutxienez 60 zentimetro egon behar direla dio.
Horregatik guztiagatik, nabarmendu dute udalaren erantzukizuna dela “interes orokorra defendatzea eta herritarren osasuna zaintzea”, baita “kale eta auzoetan pertsonen arteko distantzia errespetatuko dela bermatzea” udalaren betebeharra dela ere. Ildo horretatik, udalari eskatu diote terrazek espazio publiko gehiago okupatzeko baimenik ez emateko, ostalaritzaren ordutegiak luzatzeko baimenik ez emateko, espazio publikoa okupatzeko araudia ez malgutzeko eta bermatzeko oinezkoentzako espazioek dagokion distantzia sanitarioa errespetatuko dutela.