Ostalaritza, merkataritza eta turismo arloetako kalteak gutxitzeko neurriak aurkeztu dizkie udalak sektoreetako ordezkariei
Donostiako udal gobernua hiriko merkataritza, ostalaritza eta turismo arloetako ordezkariekin bildu da asteazken goizean, koronabirusaren krisiak sektore horietan izan ditzakeen ondorioak aztertzeko. Udalaren arabera, sektore horiek hiriko BPGaren %20 dira, eta garatzen ari diren tokiko kontsumoa babesteko estrategia baten berri eman diete bileran izan diren ordezkariei. Era berean, sektoreetako ordezkariek pandemiarengatik dituzten zailtasunak eta etorkizunean izango dituztenak azaldu dituzte.
Bileran, Eneko Goia alkatea, Enrique Ramos Bultzada Ekonomikoko zinegotzia, Cristina Lage Turismoko zinegotzia, Marisol Garmendia Espazio Publikoetako zinegotzia, Paul Lizeaga ADEGIko zuzendaria, Javier Zubia Gipuzkoako Merkataritza Ganberako idazkari nagusia, Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusia, Julen Maiz Gipuzkoako Merkataritza Federazioko lehendakaria, Iñigo Garcia Donosti Shopseko kudeatzailea, Lourdes Lazaro Ba Gera elkarteko kudeatzailea, Euken Sese Donostiako Sustapen zuzendaria eta Isabel Agirrezabala Donostiako Turismoko zuzendaria izan dira.
Ostalaritza, merkataritza eta turismoa laguntzeko hartu dituzten neurriak aurkeztu dizkie alkateak eragile horietako kideei, hala nola, terrazak handitzeko aukerak aztertzen ari direla, tokiko merkataritzaren ikusgarritasuna handitzeko Internet bidezko plataforma bat abiaraziko dutela, laguntza bonuak erosteko sistema bat ahalbidetuko dutela eta tokiko kontsumoa sustatzeko kanpaina bat egingo dutela.
Horrela, Goiak honakoa adierazi du: “Sektoreak lan ona egiten du egoera berrira egokitzeko eta datozen hilabeteetan gizartearen eta merkataritzaren bizitzan nagusi izango diren osasun eskakizunak betetzeko”. Era berean, herritarrei “konpromisoa” eskatu die, “gure kontsumo erabakiak egoera zail hori gainditzen lagundu dezaten”.