Udal gobernuak ostalaritza, merkataritza eta turismo sektoreetan hartutako neurriak salatu ditu EH Bilduk
Donostiako udal gobernua ostalaritza, merkataritza eta turismo sektoreetako hainbat ordezkarirekin bildu da asteazken goizean, eta arlo horietako kalteak murrizteko hartutako neurriak azaldu dizkie. Neurri horiekin kezkatuta agertu da EH Bildu, eta ordezkariei “aldebakartasunez” helarazi dizkietela salatu dute.
Izan ere, oposizioko alderdiaren arabera, “turismoaren burbuila zulatu egin da pandemiaren ondorioz, eta errealitate gogor batera itzuli da Donostia”, eta udal gobernuak egoera horren aurrean ez duela ezer egiten deritzote. Mundu osoan, koronabirusaren aurkako neurri nagusia pertsonen mugimenduak murriztea izan da, eta horrek turismoan eragin handia izango du. Horregatik, “oso kezkatuta” daudela esan dute EH Bildukoek, udal gobernuak ez duelako “garapen ekonomikorako beste eredu baten beharra” aipatu, eta “Donostiak beste inork baino gehiago jasango duelako krisi hau, hain zuzen ere, turismoaren oso mendeko egitura ekonomikoa duelako”. Ildo beretik, azpimarratu dute Donostiako langabezia %11,5 dela gaur egun, eta “lehen aldiz” Gipuzkoakoaren eta EAEkoaren gainetik dagoela. Era berean, udal gobernuak langabezia okerrera joango dela aurreikusi duela gogoratu dute, eta horrek emakumeak eta 45 urtetik gorakoak kaltetuko dituela gehien, baita langabetu berrien %56 ostalaritzatik helduko direla ere.
Lehentasuna “enplegu galerari aurre egitea eta enpleguaren kalitatea hobetzea” dela nabarmendu du EH Bilduk, eta epe ertainean “aldaketa estrategikoak” egin beharko direla Donostiako egitura ekonomikoan, turismoarekiko dependentzia hain handia ez izateko. Horrela, lehentasunezko inbertsio publikoak sektore indartsuagoetara eta etorkizun handiagoa dutenetara bideratu behar direla uste du oposizioko alderdiak, besteak beste, industriara, berrikuntzara eta zerbitzu digitaletara.
Bestalde, terrazen araudiari dagokionez, gogoratu dute eurek gaian interesak zituzten eragile guztiak –udal gobernua, talde politikoak, auzo elkarteak eta ostalariak– bilduko zituen mahai bat osatzeko proposatu zutela, baina udal gobernuak proposamena alde batera utzi duela salatu dute.
Gobernatzeko eredu autoritarioa leporatu diote Goiari
Horretaz gain, aipatu bileraren harira, Goiaren gobernua udal batzar aretoari “erabilera antidemokratikoa” ematen ari dela “gobernatzeko eredu autoritarioa” egiten ari dela salatu du EH Bilduk. Izan ere, azaldu dute, hainbat aldiz eskatu dutela udalbatzarrak eta batzordeak, segurtasun neurriak beteta, presentzialki egiteko, baina udal gobernuak ez duela onartu. Gaur, ordea, ostalaritza, merkataritza eta turismo sektoreetako ordezkariekin bilera presentzialki egin dutela salatu du EH Bilduk: “Bietako bat: Edo Eneko Goia eta PSE-EEko kideak arduragabe batzuk dira, eta jendearen osasuna arriskuan jartzen ari dira, edo pandemiaz baliatzen ari dira oposizioko taldeen lana oztopatzeko”.