"6 urte nituela galdetu bazenit zer izan nahi nuen handitan, futbolaria esango nuke, baina ez zitzaidan erreala iruditzen"
Ateari agur esan dio Eli Sarasola (Amara Berri, 1991) futbolariak, hamairu urtez goi mailan aritu ostean. Apirilaren 28an iragarri zuen albistea, bere Instagrameko kontuan, txikitako argazki bat erabiliz.
Irudian, baloia eskuetan du eta Realaren, talde kuttunaren, ekipamendua goitik behera jantzita ageri da. Izan ere, urte batzuk beranduago, 16 urterekin, lehen mailan debuta txuri-urdinez egin zuen. Eta, ondoren, Bartzelonan, AEBeetan eta Herbehereetan aritu da atezain lanetan, ligak irabaziz eta futbolaz gozatuz. Hain zuzen ere, bere ibilbidea errepasatu du IRUTXULOKO HITZAk Sarasolarekin, eta erretiratzeko erabakiaz, faltan botako duenaz, etorkizunaz, Donostiaz, Realaz eta emakumeen futbolaz ere hitz egin du. Elkarrizketa osoa biharko astekarian egongo da irakurgai, baita Irutxulo.hitza.eus webgunean, bihartik aurrera. Hona hemen aurrerapen bat:
Atezain izatea erabaki zenuen edo hala egokitu zitzaizun?
Txikitan ez nuen batere gustuko atezain izatea [barrez]. Añorgan ari nintzela, ergelarena egiten ikusi ninduten atean. Egokia izan nintekeela pentsatu zuten ziurrenik, eta hainbat partidatan atezain izaten hasi nintzen. Ondoren, Nazional Mailara saltoa emateko atezain izan behar nuela esan zidaten, eta probatzea erabaki nuen. 13 urte nituen garai hartan, eta geroztik, atezain izan naiz.
Realak fitxatu zintuenean hasi zinen pentsatzen zure etorkizuna futbolari lotuta egon zitekeela?
6 urte nituela galdetu bazenit zer izan nahi nuen handitan, futbolaria esango nuke, baina ez zitzaidan erreala iruditzen, ez nekielako futbolean arituta bizi nintekeenik.
Realera iristean, egiazkoagoa bihurtu zen aukera hori, baina uste dut une horretan ere ez nuela pentsatu futbola izango nuela ogibide. Horregatik ikasi nuen —Fisioterapia egin zuen lehenik, eta ondoren kirol kudeaketari lotutako ikasketak—. Azkenean, ordea, futbolari esker bizi izan naiz orain arte.