Aurtengo Donosti Cup bertan behera utzi dute antolatzaileek
Donosti Cup-eko Batzorde Antolatzaileak atzo iragarri zuen uztailean ez dela Donosti Cup txapelketarik egongo. Antolatzaileek adierazpen batean jaso zutenez, une honetan ez da zentzuzkoa halako ekitaldi bat egitea. Are gehiago, egungo egoerak segurtasun distantzia mantentzea derrigortzen du, eta Donosti Cupek, hain zuzen ere, “kontrakoa sustatzen du: partaideen arteko harreman estua, beste herrialde batzuetako taldeekin gertuko elkarbizitza, edo berezko ospakizunak jokalekuetan bertan”.
1992an egiten hasi zenetik, txapelketa bertan behera uzten den lehen aldia da. Izena eman zuten talde guztiekin dagoeneko kontaktuan jarri dira antolatzaileak. Inskripzioa 2021 Donosti Cuperako gordetzeko edo aurreratutako dirua berreskuratzeko aukera izango dute klubek.
Donosti Cup bere horretan egingo ez bada ere, antolatzaileak txapelketa txiki bat egiteko aukera ari dira aztertzen, Espainia mailako klubek aukera izan dezaten denboraldiari nolabait agur esateko. Datorren astean zehar xehetasun gehiago emango dituztela azaldu dute antolatzaileek.