"Harrigarria izan da erosketarako orgak eskatuz etorri zaigun jende kopurua"
Idoia Guimerans eta Sergio de la Riva Antiguako Ondarbide burdindegiko jabeak dira, eta auzoko gainerako saltokiek bezala, dendako ateak astelehenean zabaldu zizkieten bezeroei. 50 eguneko itxialdiaren ostean, jendeak produktu jakin batzuen premia larria zuela argi ikusi dute.
Nola joan dira itxialdiaren osteko lehen egun hauek?
Aste hau arraro samarra izaten ari da, baina egia da gure sektorean produktuen behar handia dagoela. Etxe gehienetan aste hauetan tresnaren bat edo beste hondatu edo faltatu zaie, eta horiek eskuratzeko premia zuten. Hori dela eta, egunotan eskari kopuru handia izan dugu, eta gainezka egotera ere iritsi gara.
Bada bezeroek modu nabarmenean erosi duten produkturik?
Sukalderako tresneria asko saldu dugu, zartaginak batik bat, eta baita brikolajerako gauzak ere, pinturarekin batera. Eta, horrez gain, orga pila bat ere. Harrigarria izan da erosketarako orgak eskatuz etorri zaigun jende kopurua.
Pentsatzen dugu egunek aurrera egin ahala hau lasaitu egingo dela. Azken finean, etxean behar diren gauzak saltzen ditugu, eta egun hauetan jendea etxean sartuta egon denez, etxeko premiak areagotu egin zaizkie.
Nola egokitu duzue zuen eguneroko jarduna egoera berri honetara?
Aurretik nahiko ongi prestatu ginen, beharko genuen material guztia lortuz. Hortik abiatuta, lokala baldintza berrietara egokitu dugu gutxieneko distantziak bermatzeko, eta egunean bizpahiru aldiz desinfektatzen dugu.
Jardunari dagokionez, maskarak eta eskularruak erabiltzen ditugu, eta bezeroak banan bana jasotzen ditugu, denda barruan pilaketak saihesteko. Zentzu horretan, ikusi dugu jendeak dagoeneko ilarak egin eta distantziak mantentzeko ohitura oso barneratua duela, eta horrek asko poztu gaitu.
Bezeroek hitzordua eskatzen dizuete?
Bai. Askok telefonoz deitzen digute eta beraiekin ordu zehatz adosten dugu erosketarako. Kanpoan ilara dagoenetan, hitzordua dutenek lehentasuna izan ohi dute, noski, baina orokorrean arazorik gabe moldatzen ari gara. Egoera pixka bat surrealista da, baina besterik ez.
Desinfekzio lanekin ondo moldatzen zarete?
Desinfektatzaileak saltzen ditugunez, horrekin nahiko ondo moldatu gara. Lokal osoa garbi mantentzen dugu, eta produktuak guk ematen dizkiegu bezeroei, haiek ukitu ez ditzaten. Gainera, atea zabalik mantentzen dugu une oro, bentilazioa hobetzeko.
Zer nolako iritziak jaso dituzu auzoko gainerako saltokien partetik?
Gure sektore bereko saltokiei dagokienez, antzeko egoera bat topatu dutela ikusi dugu, erantzun oso positibo batekin. Jendea auzoko saltoki txikiak babesteko kontzientziarekin ikusi dugu, eta hori pozgarria da, baina ikusi beharko da nola egiten duen honek aurrera.
Nola aurreikusten dituzue zuek datozen hilabeteak?
Ezjakintasun osoz. Guk prestakuntza lanekin jarraitu dugu, eta webgune bat sortu dugu bezeroei edozein egoeratan zerbitzuak eskaintzen jarraitu ahal izateko. Konfinamenduan zehar jarri dugu martxan, eta jendearen erantzuna oso ona izan da. Orain, euren eskariak Internet bidez egin diezazkigukete, eta guk prest uzten dizkiegunean, dendara etortzen dira jasotzera.
Sistema eraginkorra dela frogatu dugu egunotan, eta lasaitua ere hartu dugu, bezeroek webgune horren atzean gu geu geundela ahaztu ez dutela ikusi dugulako. Internet bidez erosi arren, argi izan dute sarearen beste aldean zituztenak auzoko betiko dendariak zirela.